52. aldia izan zuen pasa den zapatuan, apirilaren 6an, Osinalde sariketak, eta bigarren egin zuen Aitor Tatiegi bertsolari oñatiarrak, Aner Peritz zarauztarraren atzetik. "Orain dela bi urteko akorduarekin nentorren, baina hasieratik lortu dut eroso egotea, lortu dut, gutxi gorabehera, gura nuen bidetik eramatea bertsoa; zentzu horretan, entzuleek ere asko lagundu didate", adierazi zuen Tatiegik sariketa amaitu berritan. Are gehiago, oñatiarrarendako izan ziren entzuleen eta bertsorik onenaren saria ere.
Sei bertsolari aritu ziren bertsotan sariketan, eta Peritz izan zen irabazlea, Tatiegiren aurretik; ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eki Mateo leitzarra, Maddi Aiestaran beasaindarra, Bittor Altube abadiñarra eta Aitor Ugarte aramaioarra.