Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatzen duen XIV. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa aurrera doa, eta geldialdia egin du asteburuan Oñatin. Hainbat kategoriatako partidak jokatu ziren atzo goizean Zubikoa kiroldegian eta buruz buruko bi final ere erabaki ziren: adimen urritasuna dutenen teniseko paletakoa eta gomazko paletakoa gurpildun aulkian.
Hala, gurpildun aulkian daudenen gomazko paletako finalean Beñat Lizaso eta Asier Navaridas ibili ziren nor baino nor gehiago, eta lehenengoak eroan zuen txapela 15-7 irabazi ostean.
Adimen urritasuna dutenen teniseko paletako finalean, aldiz, emaitza estuagoa izan zen, Iraitz Huegunek 15-13 irabazi zion-eta Eneko Sagarmendiri.