Aitor Biain zuzendariak zera azaldu du: "Emakumeen obrak oso gutxi dira. Esaten dute bakarrik %1 direla programatzen diren emakumeen obrak, eta guk kontzertu honetan abestutako piezen %100 da emakumeek sortutakoak". Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan urtero egiten dutela aitortza adierazi du: "Aurten, emakume zaintzaileak izan ditugu gogoan. San Martin egoitzakoak baina orokorrean zaintza lanetan diharduten guztiak".
Hona hemen aitortza mezua:
"Emakumearen eguna. Emakumeek idatzitako kantuak. Emakumeen ahotsean. Emakume zaintzaile lanaren aitortza.
Bizitzan zehar pertsona guztiok beharko dugu zaintza. Jaiotzen garenetik eta bizitzaren amaiera arte. Horrela ba, zaintzaileen lana garrantzitsua da.
Etxe honetan lanean zabiltzaten guztiok, egoileen bizi kalitatea eta ongizatea hobetze aldera, egunerokoan jartzen duzuen arreta profesionala, laguntza eta batez ere maitasuna eskertu nahi dizuegu.
Zure ahotsa gure hotsa. Zaintzan zabiltzaten emakumeentzako."