Madalen Etxegarai (Oñati, 2005) eta Enara Gaminde Emakume Master Cup-eko binakako txapelketa irabazten saiatuko dira datorren astean, martxoaren 17an, Uarkapen (Arrasate), Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun aurkari dituztela. Finalari begira, oñatiarra elkarrizketatu du GOIENAk, haren sentsazioak eta aurreikuspenak jasotzeko.
Txapelketaren hasieran, espero zenuen honaino iristea?
Txapelketa hasi zenean argi genuen ez zela erraza izango, bikote oso parekatuak zeudelako, baina beti dago ilusio hori. Gure helburu nagusia finalerdietara iristea zen, eta lortu dugu, eta, nola ez, behin horra iritsita, finala nahi genuen.
Finalerdietan, gainera, Amaia Aldai pilotaria garaitu zenuten.
Guztiok dakigu Amaia nolako pilotaria den, eta, noski, neurketa oso zaila izango zela ere bai. Haren jokoan sartuz gero partidua aldapan gora jarriko zen, baina gure jokoa egitea lortu genuen eta aurrera atera genuen neurketa.
Nolako partidua izan zen?
Oso gogorra; batez ere, partidu hasiera. Izan ere, 8-0 galtzen hasi ginen, eta, emaitza hori ikusita, zaila da horri psikologikoki buelta ematea, baina ez genuen itxaropenik galdu. Atsedena eskatu genuen, gure jokoa aldatu beharra geneukala ikusita. Gure hasierako estrategiarekin jarraitu genuen, eta, kostata izan bazen ere, 12-12 berdintzea lortu genuen. Handik aurrera, berdinketa batzuk izan ziren, baina aurretik izan ginen ia denbora osoan. Oso neurketa zaila izan zen.
Zein izan da finalera iristeko gakoa?
Esango nuke oso ondo ulertu dugula elkar kantxan. Era berean, ez da lehen aldia Gaminderekin jokatzen dudana, eta, gainera, plazer handia da harekin bikotea osatzea, gaur egungo atzelari onena baita. Horrek konfiantza ematen du, eta jokoan ere dena errazagoa da.
Nolako finala aurreikusten duzu?
Oso final gogorra aurreikusten dut. Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek txapelketa borobila egin dute. Erasun oso maila onean aritu da txapelketa osoan, akats gutxi egiten, eta Arrizabalagak ere erakutsi du nolako pilotari puska den. Lan handia egin beharko dugu aurrera atera ahal izateko.
Etxean izango da, gainera.
Etxean jokatzea beti da berezia; azken finean, normalean, partiduak nahiko urrun izaten ditugu, eta Arrasaten jokatzea oso polita izango da, bertan egongo direlako familiakoak eta lagunak. Euren babesa izango dugu.
Behin finalera iritsita, txapela nahiko duzue, ezta?
Txapelketa hasieratik izan dugu helburu bezala txapela janztea, eta, noski, behin txartela lortuta, helburua geroz eta hurbilago ikusteak ilusioa egiten du. Dena dela, aste honetan eta hurrengoan gogor egin beharko dugu lan finalera ahalik eta konfiantza-maila handienarekin iritsi ahal izateko.