Udan ere aukera ugari izango dituzte gaztetxoek

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mar. 8a, 09:00

Udalekuetako begiraleak haurrekin plazako pilotaleku alboan. Argazkia: Oihana Elorza

Udaleku irekietako eta arte udalekuetako izen-emate epeak zabaldu berri dituzte; hilaren 15a izango da azken eguna. udako kanpainarako, berriz, astelehenetik aurrera eman ahalko da izena, eta hilaren 19a izango da horretarako azken eguna

Udaleku irekieratako izen emateko bide bakarra udaleko webgunea izango da. Bertan inskripzio-orria dago, eta, hori betetakoan, ordaindu izanaren ziurtagiria eta legezko tutore baten nortasun agiriaren kopia erantsi beharko dituzte. Matrikula 74,88 euro da eta bigarren haurretik aurrera merkeagoa izango da. Zaintza zerbitzua ere izango da, 08:15etik 10:00etara. Udaleku irekietan izena emateko laguntza behar duten gurasoek Txaloka ludotekara jo dezakete, astelehen, astearte edo asteazken goizez, izena emateko epeetan. Eltzia eta beste gune batzuk izango dira topalekua aurten udaleku irekietan parte hartzen duten neska-mutikoentzat.

Arte udalekuak

Marrazkigintza, eskultura, margolaritza eta beste arte-adierazpen batzuk lantzeko aukera ere izango dute haurrek aurten. Udaleku irekien data eta ordutegi berak izango ditu, baina jarduerak gaztelekuan egingo dituzte. Izena emateko epea ere martxoaren 15ean bukatuko da; online bidez egin beharko da. Udaleku irekien prezio bera dute, baina plazak, ordea, mugatuak izango dira.

Izena ematen dutenen artean zozketa egingo dute eta izen-emate epea bukatu osteko astean jakinaraziko dute zeintzuk izan diren hautatuak. Plaza lortzen ez dutenek, berriz, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute. Udaleku irekietan eta arte udalekuetan begirale izan nahi dutenentzat ere martxoaren 15era arte egongo da zabalik izen-ematea.

Udako kanpaina

Kasu horretan, martxoaren 11tik 19ra bitartean eman beharko da izena eta 25ean zozketen emaitzak banatuko dituzte posta elektroniko bitartez; apirilaren 8tik 12ra, berriz, bajak emateko epea izango da. Libre gelditzen diren plazak itxarote-zerrendan daudenen artean banatuko dituzte, alta berriak egon daitezen. Txanda bakoitzean gehienez hiru jardueratan eman ahalko da izena eta jarduera bakoitzean gehienez hiru ordutegitan.

Lehenengo txanda ekainaren 24tik uztailaren 5ra izango da; bigarrena, uztailaren 8tik 19era. Txanda bakarraren kasuan, berriz, ekainaren 24tik uztailaren 19ra. Izen ematea kiroldegiko webgunean egin beharko da eta erregistratuta egon behar da, bazkide izan edo ez. Datu pertsonalen artean, harremanetarako telefonoak eta helbide elektronikoak agertu beharko dute. Prezioak aldakorrak dira kirolaren arabera eta bazkide izan edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak