Otsailak 29 zituenean egin du Oñatiko udalbatzak hileko osoko bilkura. Lehenengo aldiz, gainera, aldi bereko itzulpen zerbitzuarekin. Gaien artean, berriz, 27 puntu jasotzen zuen gai zerrendan. Tartean, Berezaoko, Lezesarriko eta Araozko auzo alkate berrien izendapenak onartu zituen udalbatzak, eta sormen lanak laguntzeko eta gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko aurtengo diru laguntzen oinarriak eta deialdiak. Baita Otadui Zuhaiztian irisgarritasun lanak egiteko plana ere, Kale Zaharra, Aita Madina eta Lizaur Arkitektoa kalea ere hartuko dituena.
Martxoak 8aren bezperetan egonik, egunari lotutako adierazpen bateratua aurkeztu eta onartu zuten udalbatza osatzen duten alderdi biek, Eudelen adierazpena. Alderdi jeltzaleak, bestalde, bere kezka agertu zuen herrian dauden pankarta eta pintaketen inguruan eta sentsibilizazio kanpaina bat eskatu. Azken urteetan gehituz joan direla adierazi zuten hesietan, biribilguneetan eta eraikinetan jartzeko ohitura eta elementu horiek herriaren ondarea zabartu egiten dutela adierazi dute, aldarrikapenak egiteko beste bide batzuk badaudela gaineratuz.
Bestetik, Oñatiko Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko historiaurreko taldearekin hitzarmena lau urtez luzatzea onartu zuen, aho batez, Oñatiko udalbatzak. Horri lotuta, apirilaren 17tik 19ra bitartean egingo dituzte hurrengo arkeotpaketa jardunaldiak Oñatin.