Natrako enpresa batzordeak lortu eta langileek berrestu duten lan hitzarmena 2023-2025 arteko iraupena izango du, ultraktibitate mugagabearekin, inaplikazio-klausularekin eta beste berme batzurekin batera.
Errelebo kontratu egongo da langileek horrela eskatu ezkero, eta aldizkako finkotasuna dutenek, finko mugagabe partzial izateko aukera izango dute, honako baldintza betetzen badute: 24 hilabetetan hemezortzi lan egitea.
Lan-hitzarmenean, langile kategoria batzuen igoerak ere hobetu dira: alde batetik, langileen %20 gutxienez 1 ofizial kategoriakoa izango da (orain arte %18 zen kopuru hori). Beste alde batetik, 1A ofizial izaera duten langileen kopurua igo egingo da urtero: 2023an, 85; 2024an 90; eta 2025ean 95.
Laugarren txandaren hobekuntzak
Lau puntutan hobetu dute laugarren txandaren lan-baldintzak: zapatu goizeko plusa 100 eurokoa izango da; laugarren txandako plus berria 75 eurokoa; 61 urtetik gorako langileek laugarren txandan lan ez egiteko aukera; behin behineko langileek eta aldizkako finkotasuna dutenek sortutako egunak gozatzeko aukera.
Soldaten igoera
Soldaten igoerak ere sartzen dira enpresaren eta langileen arteko akordioan. Soldaten igoerak izango dira: KPI (2023), KPI + 0,9 (2024) eta KPI +1 (2025). Azken urte honetan KPI %3tik behera geratzen bada, igoera KPI + 0,5 izango da.
Abendutik borrokan
2023ko abenduaren 18an, negoziazio-mahaia blokeo egoera batera iritsi zen. Langileek ez zuten onartu enpresak laugarren erreleboa malgutasun osoz erabiltzeko hartutako erabakia. Enpresak negoziazio-mahaia utzi zuen, eta mobilizazioekin hasi ziren langileak. Grebak, manifestazioak, kotxe karabanak, eserialdiak, kontzentrazio zaratatsuak... egin dituzte, akordio batera heldu diren arte.