Eskualdean martxan dauden edo abiarazi gura dituzten proiektu eraldatzaileak EH Bilduko komunitateari aurkezteko dinamikaren barruan, energia eta burujabetza izan dira lehen ekitaldiko gaiak eta horiei lotuta Oñatin martxan dauden bi proiektu ezagutu dituzte asteburuan: Ur Jauziak eta Onaro. Zapatu goizean egin zuten irteera, Olaten hasita. Han, historiari lotuta, Ur-jauzien egitasmoa nola sortu zen eta egungo egoera zein den azaldu zien joandakoei Oñatiko Udaleko zinegotzi Xabier Igartuak. Eraikinaren barrura sartu ziren azalpen horien ostean, zentrala barrutik ere ikusteko. Bisita EH Bilduko bilgunean bukatu zuten, kalean, Ur Jauzietan lortzen den energia egun nola komertzializatzen duten azalduz eta baita telekomunikazioko Onaro proiektua ere gertutik ezagutuz. Bailarako 30 bat lagunek hartu zuten parte.
Debagoiena Geuretik Loratzen dinamikaren asmoa da hiru hilabetean behin irteera edo hitzaldi bat antolatzea proiektu eraldatzaile baten inguruan, bailara mailan. "Helburua da eskualdeko sinergiak eta indarrak aprobetxatu eta ondoko herriak zertan ari diren gertutik ezagutzea".