Galder Gaztelu-Urrutiaren Rich Flu filmeko soinu-bandan parte hartu du Ganbara Abesbatzak, Arantzazu Callejak sortutako hamar piezari ahotsa ipiniaz. Filma 2024an estreinatuko da, eta jende aberatsari soilik eragiten dion birus batez diharduen thriller distopiko eta postapokalipitikoa da. Soinu-bandaren grabaketak 2023ko azaroan eta abenduan egin zituzten, Elkar estudioetan, eta bai Ganbararendako eta baita soinu-bandaren konpositore Arantzazu Callejarendako ere esperientzia "oso polita" izan zen.
Ez da Ganbara Abesbatzak Callejarekin lan egiten duen lehen aldia; izan ere, Paul Urkijoren Irati filmeko soinu-bandan ere egin zuten lan elkarrekin. "Galderrek eta biok Rich Flu filmak konponketa korala beharko zuela ikusi genuenean, berehala pentsatu nuen Ganbara Abesbatzan eta Aitor Biainengan. Iratin elkarrekin lan egin genuen eta emaitza ikusgarria izan zen.", dio Arantzazu Callejak, soinu-bandaren sortzaileak. "Iratiko soinu-banda oso txalotua izan zen eta Ganbara Abesbatzak egindako ekarpena oso garrantzitsua izan zen arrakasta hartan. Oso abesbatza profesionala da, inplikazio handikoa, proposamenak egiten dituena dena ahalik eta ondoen gera dadin. Azken finean, zinemako soinu-banden konpositore gisa, oso atsegina eta lasaigarria da horrelako talde batekin lan egitea", gehitu du.
Esperientzia berria
Aitor Biainendako eta Ganbara Abesbatzarendako soinu-bandena esploratu bako eremua izan da orain arte, baina oso pozik eta eskertuta daude aukera sortu zaielako. "Bai Irati-koa eta baita azken hau ere esperientzia interesgarriak izan dira guretzat. Zinemari ahotsa jartzea berezia da: bi aste lehenago jasotzen dugu materiala eta kasu batzuetan gebazio egunean bertan eta zeri ahotsa ipintzen ari garen ez dakigu. Badauka halako magia berezi bat", dio Ganbarako zuzendari Aitor Biainek. Gainera, bi musikariek azaldu dutenez, euren artean sortu zen elkarlana oso interesgarria izan zen. "Laborategi bilakatzen da, esperientzia desberdina da; Galder Perez bera ere grabaketan izan zen, eta bai Galderrek eta baita Arantzazuk eskatzen zuten horri ondo erantzutea oso polita izan zen", aitortu du Biainek.