Oñatiko parrokiako misio taldeak Gineako (Afrika) Kindia eskualdeko Dhaguel herrian eraikitzen ari den eskolako proiekturako dirua batu zuten atzo, Aratuste-martitzena, arratsaldean plazan egindako txokolate banaketarekin. Ia 1.000 euro batu zituzten guztira eta gastuetarako zenbatekoa kenduta, guztira 926 euro bidaliko dituzte proiektu horretara. Parrokiako misio taldeak eskerrak eman gura dizkie atzoko txokolate solidarioan laguntzaile izan zituzten Betik, Gereta eta Lacturale enpresak eta ekimena posible egin zuten guztiei.
2019an jarri zuen martxan Gineako elkartasun proiektua misio taldeak. 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoendako eskola izango zen eraikina egin dute han eta 2021/22 ikasturteaz geroztik 160 bat gaztetxo joaten dira joaten dira bertara, ikastera. Orain, 12-16 urte arteko emakume gazteendako formazioa eskaintzeko espazio bat prestatu gura dute, ofizio bat erakusteko; joskintza tailer bat ari dira prestatzen. Eraikina bukatuta dute eta barrua janztea falta zaie. Udarako prest egotea da asmoa.