Hitzarmen berri bat lortzeko borrokan, lanuzteak egiten dabiltza Natrako langileak urtarrilaren 30az geroztik. Sei egin dituzte dagoeneko, eta, gaurkoarekin, zazpigarrena dute; hain justu, 24 orduko lanuztea da oraingoa eta, horrez gain, manifestazioa ere egin dute Oñatiko kaleetan, 11:30ean. Aste honetako bigarren lanuzteari dagokionez, berriz, eguenean izango da, otsailaren 15ean.
Hamahiru ordezkaritatik zortzi ditu ELAk, eta jakinarazi du urtebete baino gehiago daramatzatela enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioetan. "Alferrik, ordea. Enpresak ez du negoziaketekin jarraitzeko jarrerarik erakutsi eta lehen egunean egindako proposamen atzerakoiak planteatzen jarraitzen du". Areago, azpimarratu du langileei zenbait baimen ere ukatu dizkiela: "Deskantsuak murriztu, beste langile batzuei ez die kontratua berritu... Halako neurriak hartu ditu mobilizazioak hasi direnean. ELAk argi du langileak zigortzeko neurriak besterik ez direla". Alabaina, azpimarratu du beharginek argi dutela borrokan eta grebekin jarraituko dutela "eduki duinak izango dituen hitzarmen bat" lortu arte.
Eskaera nagusiak
Sei dira langileen eskaera nagusiak, ELAren arabera: soldata igoera duinak; errelebo kontratua bermatzea; laugarren txandaren lan baldintzak hobetzea; lan erreformaren aurkako bermeak; aldizkako lan kontratu finkoa dutenak egonkortzea; eta kategorien eguneraketa.