Aurrerapausoa emateko unea iritsi zaie taldeei

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 9a, 13:00

Albok eta Sasquatch taldeek iaz jokatu zuten finaleko irudi bat. Argazkia: Imanol Soriano

Herriko Futbol txapelketa denboraldiaren erdialdera iritsi berri da, eta erabakita gelditu da zeintzuek jokatuko dituzten Liga eta kopa txapelketak. Datorren asteburuan hasiko da fase erabakigarria; finalak maiatzeko lehen asteburuan jokatuko dira

Azken urteetako talde kopuru handienarekin ekin zion urrian Herriko Futbol Txapelketak 2023- 2024ko denboraldiari, eta horrek astebururo bi partidu jokatzetik hiru jokatzera behartu zuen. Zalantzekin hasi ziren antolakuntzako kideak aldaketa hark nolako eragina izango zuen, baina, momentuz, txapelketaren erdia jokatuta, biziberrituta ikusten dute HFT. "Ordutegi aldetik kezka genuen, baina nahiko ondo moldatu gara. Gainera, uste baino zeresan handiagoa ari da ematen txapelketa herrian, ohiko hizketagaia da berriz ere, eta hori seinale ona dela uste dugu", dio Jon Aiastuik, antolakuntzako kideak.

Liga eta Kopa, erabakita

Hilaren 17ko eta 18ko asteburuan hasiko da bigarren fasea, Liga eta Kopa jokatuko dituzten taldea zeintzuk diren erabakita. Weingüter, Shatoken Moura, Tutelatraku, Hangöver, Albok eta Frakas Brabas lehiatuko dira Ligan; eta Sasquatch, Iturritxo, Kelekona, Morekanbe, Zalaparta, Mazedonia eta Sarutobi, berriz, Kopa altxatzen saiatuko dira.

Ligako lehen lau sailkatuak Ligako finalerdietarako sailkatuko dira eta beste biak, Kopako finalerdietarako. Aldiz, Kopa txapelketan lehen bi sailkatuak izango dira finalerdiak jokatuko dituztenak. Aiastuiren ustez, aukera guztiak daude zabalik: "Maila handiko txapelketa izaten ari da, baina zaila da ezer ziurra esatea".

Txapelketa jendetsuagoa

Hamahiru talde izateak jende eta zale gehiago izatea eragiten du, eta halaxe gertatzen ari da aurten ere. Hiru talde berri sartu izanak indarberritu egin du txapelketa, baina ez soilik kopuruari dagokionez. "Hiru talde berrik hiru lagunarte gehiago izatea eragiten du; horrek txapelketa zelaitik kalera eramatea dakar, gainera. Eta txapelketaren dinamikan ere buru-belarri sartu dira", adierazi du Aiastuik. Gainera, azpimarratu du talde berriei esker "emakumezko gehiagok" jokatzen dutela, eta hori "pozgarria" dela, nahiz eta arlo horretan baduten "zereginik" oraindik.

Azkoagaingo harmailak ere beste kolore bat hartzen ari dira aurten; ordutegiak eta neurketen erakargarritasuna horren eragile izan daitezkeela dio Aiastuik: "Aurreko urteetan baino ikusle gehiago ditugu. Asko lagunak ikustera datoz, baina badira partiduen erakargarritasunagatik ere etortzen direnak". Arlo horretan "lana" egiteko dutela aitortuta ere, HFT "bizi-bizirik" dagoela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak