Klimari lotutako helburu zehatz batzuk betetzeko helburuarekin Europako Batzordeak udalekin osatutako talde bat eratu zuen hainbat konpromiso hartzeko. Urteak aurrera egin ahala zehazteen joan da Europako Batasuna itun hori. Klima aldaketaren ezaugarri nabarmenenetako bat energia dela ikusita, Klima eta Energiarako Alkateen Ituna du orain izena egitasmo horrek, aurrekoa baino anbiziotsuagoa, Izaro Elorza alkatearen esanetan, eta horko parte izatea berretsi du Oñatiko udalbatzak urtarrileko osoko bilkuran.
Itun horren barruan dauden administrazioek bakoitzak bere ekarpenak egingo ditu, tokikotasunetik, berotegi efektua murrizteko. Konpromiso horiek definitzeko eta horien jarraipena egiteko plan bat diseinatuko du Oñatiko Udalak urtebeteko epean, energiaren inguruan aurretik egiten ari den ekintzen jarraipena izango dena.
Hamaika minutu eskasean onartu zituen udalbatzak, aho batez, gai zerrendako puntu guztiak urtarrileko osoko bilkuran. Klima eta Energiarako Alkateen Itunean egotea berresteaz gain, baita, adibidez, emantzipaziorako diru laguntzen araudia onartzea eta eskaerak egiteko deialdia egitea.Galde erreguetan, herrian egindako pintaketen inguruko iritzia konpartitu gura izan zuen Xabi Mugarza zinegotzi jeltzaleak. Berriak ere egin dituztela eta pintaketen inguruan Udalak ardura erakutsi beharko lukeela aipatu zuen.