Aurpegia erakustera dator Osaba Kimu taldea

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko urt. 19a, 19:16

Oñatiko Osba Kimu taldeko kideak zapatuko kontzertua iragartzeko etaratako argazkian (Argazkia: Osaba Kimu).

Lehen kontzertu "ofiziala" izango da Osaba Kimu talde oñatiarrarendako zapatukoa, eta zertan ibili diren eta taldea nolakoa den erakusteko gogoz daudela aitortu dute. Burrunda Faktoriak antolatutako egitarau berria estreinatuko du laukoteak.

Txomin Aranzeta Zumalde (ahotsa), Ane Urkia Gonzalez (bateria), Unai Murgiondo Ezpeleta (gitarra eta ahotsa) eta Oier Palacin Aztiria (baxua eta ahotsa) dira Oñatiko Osaba Kimu taldea osatzen duten lau lagunak. Lehendik dihardute musika egiten, baina proiektu berri horretarako batu dira Urkia, batetik, eta Bitz taldean ibilitako beste hirurak, bestetik. Entseatzen eta musika sortzen ibili dira orain arte Eltzian, lasai, euren martxan, eta zertan ibili diren eta Osaba Kimu aurkeztera, erakustera, helduko dira laurak Antitxena gaztetxera zapatuan, hilak 20, 19:00etan.

Aurkezpen-kontzertua

Bitz taldearekin azken kontzertua jo ostean, 2017 aldera, elkartzen eta musika egiten jarraitu zuten Murgiondok eta Palacinek. Ahal izan zuen bezain laster batu zitzaien Aranzeta, eta aurreko estiloarekin alde handirik ez duen musika lantzen jarraitu zuten. "Beste proiektu bat hasi gura genuen. Ane Urkia batu zitzaigun, bateria jolearen hutsunea betetzeko, eta hemen gaude. Kantakerixak proiekturako atera genuen kantu bat, beste lauk osatzen dute iaz kaleratutako diskoak, eta badugu asmoa Oñati Bizirik-en hurrengo lanerako ere pieza bat sortzeko", azaldu du Murgiondok.

Boga tabernaren urteurren festan jo zuten, joan den udan, baina zapatukoa dute "lehen aurkezpen-kontzertua". Eta badute gogoa. "Erakutsi gura dugu zertan ibili garen urte hauetan guztietan. Ezagunak izango dira aurrean izango ditugunak; tentsio edo urduritasun puntu bat izango dugu guk, eta ea hori hausten laguntzen diguten entzuleek".

Burrundaren barruan

Burrunda Faktoriak antolatuta joko du Osaba Kimuk gaztetxean, eta Astelehen Goizak taldeak ere bai. Apirilaren amaiera arte antolatutako emanaldietako lehena izango da zapatukoa; Burrundaren bigarren denboraldiari hasiera emango diona. Oraingoan, gainera, ez dituzte kontzertuak bakarrik antolatu: ipuin kontaketa saioa eta dokumental emanaldia ere egongo dira (hemen ikusgai egitaraua). Azken kontzertua, bestalde, Aloñako Igoerako lantaldearekin batera antolatuta. Horrekin lotuta, asteburuan jarriko dituzte salgai denboraldiko bonuak; 30 euro; murriztuak, 15 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak