Kristau Eskolako eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoetako eskoletako langileek gaur ekin diote hamar eguneko grebari, baina Debagoienean ez du jarraipenik izan, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeak, oraingoan, behintzat, ez duelako bat egin protestarekin.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute greba, eta, patronalekin adostasunik lortu ezean, ez da greba egun bakarra izango, luzatu egingo baita: bihar eta hilaren 23tik 25era, otsailaren 6tik 8ra, eta 19an eta 20an. Lan hitzarmena dago greba egun hauen oinarrian; deitzaileek azaldu dutenez, 2021eko abendutik dago iraungita, eta berritzearen aldeko borroka dute eskuartean.
Bergarako Mariaren Lagundia ere kristau eskola da, baina bestelako hitzarmen bat dutela adierazi dute, eta, beraz, ez direla greba eta aldarri hauen parte.