Larrañan egingo dute pumptrack eremua

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko urt. 15a, 11:35

Pumptrack-gunea egongo den tokia, Eltzia atzean.

Eltzia atzeko espazioan eraikiko dute askotariko zailtasunak izango dituen zirkuitua, bizikletekin, patineteekin eta patinekin trebeziak erakusteko eta ikasteko. Esleipen prozesua zabalik dago eta udarako erabilgarri egotea da Udalaren asmoa.

Pumptrack-gunea egongo da Oñatin udatik aurrera. Larrañan kokatuko da eta Udalak dagoeneko abiatu du esleipen prozesua.

Lanak, martxotik aurrera

Larrañan, Eltzia atzean dagoen espazioan egongo da bizikletekin eta patineteekin trebeziak erakusteko eta lantzeko espazioa, futbol zelaiaren ondoan. Bi gune nagusi izango ditu: 150 metro inguruko luzera izango duen zirkuitua, batetik, eta erradioak hamar metro neurtuko dituen eta asfaltatuta egongo den gunea, bestetik. Espazio nagusian, zirkuituan, zailtasun maila askotariko guneak egongo dira eta gune asfaltatuan, berriz, atsedenlekua izango da, non pumptrack-gunerako sarbidea egokituko den. Aldapak eta bihurguneak izango dituen pumptrack-eremuan bost peralte eta askotariko erabileretarako 24 modulu egongo dira, guztira. Horretarako, elkarri loturik egongo diren bi zirkuitu independente egongo dira, 86 metro luzerakoa bat eta 64 metrokoa bestea. Horrela, 37 erabiltzailek erabili ahal izango dute, aldi berean, bizikletekin, patineteekin zein patinekin.

Pistaren diseinua Oreinbike Bike Park & Pump Track enpresak egin du, eta lanak egiteko esleipen prozesua jarri du martxan orain Udalak. Otsailaren 2ra arte dago epea proposamenak aurkezteko, eta, prozesuak ohiko bidea jarraitzen badu, martxoan hasiko dituzte lanak; hiru hilabete iraungo dute lanek. Aurrekontua 100.000 eurokoa da, BEZa barne.

Zailtasun maila ezberdinak

Saioa Arkonada Kirol batzorde- buruaren esanetan, "kirolerako ekipamendu egokiak eskaintzea da helburua", eta horri eutsiz egingo da pumptrackaren proiektua. "Era berean, kirolak inklusiboa behar du izan, eta, hori erdigunean izanik, zailtasun maila askotariko espazioak eskainiko ditu, herritar guztiek izan dezaten azpiegitura erabiltzeko aukera". Debagoienean, Arrasaten maiatzean inauguratu zuten hango pumptrack-gunea; Elgetan orain ari dira lanak egiten; eta Antzuolan ere badago erabilgarri horrelako eremu bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak