2024a modurik onenean hasi du Biotz Aloña Mendik, izan ere, beheko postuetan kokatzen den Amurrio taldearen aurka garaipena erdietsi baitute (90-42). Hasieratik erakutsi dute Aitor Ugarteren mutilek urteko bigarren garaipena lortzera irten direla kantxara; defentsan, errebotean, erasoan... guztian izan dira arabarrak baino gehiago, eta hasieratik amaierara nagusi izan dira oñatiarrak.
Arnasa hartzen ere ez diote utzi Aloña Mendiko jokalariek Amurriokoei, eta lehenengo zati guztian zehar aurretik izan dira, markagailuan gerturatzeko abagunerik utzi gabe. Horrela lortu dute atsedenaldira hogeita hamabi puntu gora iristea, 47 eta 15. Aldageletatik bueltan, partidak berdin jarraitu du; Aloña Mendi nagusi, eta Amurrio etxekoen erasoei erantzun ezinik. Berrogei puntuko aldea izatera iritsi dira Ugarterenak, eta gehiagoren bila joaten jarraitu dute. Azkenean, 90 eta 42ko markagailuarekin amaitu da norgehiagoka.
Ugartek adierazi du "ezer gutxi gehiago" eska diezaiokela taldeari horrelako partida baten ostean. Horrelako neurketek entrenatzaile oñatiarrari erakusten diote "taldea horrela jokatzeko gai dela", eta aitortu du espero duela "datozen jardunaldietan maila bera eskaintzea".
Soraluze BKE-k galdu egin du
Xabat Irazolaren mutilek ezin izan dute garaipena lortu Disdira Bitxitegia ISB taldearen aurka 85 eta 67 galdu ostean.
Datorren jardunaldian, derbia
Datorren asteburuan denboraldiko lehenengo derbia biziko dute Labegaraietan Soraluze BKE-k eta Biotz Aloña Mendik. Garaipen beharrean daude bailarako bi taldeak, eta Ugartek aitortu du "gogotsu" daudela bergararren kantxa bisitatzeko.