Urrezko orratza, pina, jaso dute gaur Oñatiko bandan 25 urte bete dituzten hiru lagunek: Esteban Arriaranek, Goizalde Beitiak eta Iñigo Ugartek. Berezia izan da unea Arriaranendako, alabaren eskutik, bandako kide bera ere, jaso duelako ikurra. Ugarteri anaiak eman dio eta Beitiari bandako zuzendariak, Aitor Biainek.
Etxekoengandik hasi zen Iñigo Ugarte bandan eta orain atsedena hartuko duen arren, ez du baztertu aurrerago berriz ere bandan musikari jarraitzea. Goizalde Beitia 17 urte zituela sartu zen bandan eta esperientzia asko bizi izan dituela aitortu du, baita lagun asko ezagutu ere. Esteban Arriaranendako ere handia da bandako kide izatea eta jarraitzeko asmoa duela adierazi du.
Horien ostean, sorpresaz, Felix Biainek jaso du bandako ohorezko kidearen saria, 65 urte beteta eta bandan 40tik gora eginda. Klarinetea jotzen "kasualitatez" hasi zela aitortu du eta baduela jarraitzeko asmoa. Plaka jaso du Biainek Julen Biain bandako kidearen eskutik, eta ondoren plakan idatzita dagoen bertsoa kantatu dio Egoitz Atxagak, bandako kide hori ere.
Zarzuelako piezak
Sariak banatu ostean hasi du Oñatiko musika bandak urteko lehen kontzertua, denboraldiko bigarrena. Zarzuelako lau pieza jo dituzte, Cristina Cubillo eta Aitor Garitano bakarlariekin eta Camden Studioko dantzarien koreografiekin. Bukatzean, Radetzky martxa jo dute.