Txinparta bertso eskolak antolatuta egin da aurtengo Errege bezperako bertso saioa ere. Bertako kide Aritz Iza izan zuten gai jartzaile bertsolariek –Aitor Tatiegi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Andoni Egaña eta Amets Arzallus– eta Zubikoa frontoira joandako bertso zaleen artean barreak eragin zituzten behin baino gehiagotan. Herriari lotutako gaiak ere ez ziren falta izan, gainera. Esaterako, kanpokoak agerian direla ikusi eta galdezka aritu zitzaien Aitor Tatiegi puntuka, kuxkuxero, Alaia Martini eta Andoni Egañari. Taldeko beste lan batean, bestalde, Oñatin egingo duten txondorra zaintzeko txanda hartu dute, kuadrillan, Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek eta Aitor Tatiegik. Lan horretan daudela, begirada bota diote txondorrari eta lehen ez zegoen argi bat ikusi dute txondorra zegoen tokian. Nikolas Segurolaren gaineko bertsoak ere entzun ziren Andoni Egañaren ahotik, bakarka.