Iker Martinez eta Zaldi Herrenak musika taldearen Arnasaldiak lana ikusgai dago dagoeneko. Hainbat kolaboratzailerekin batera, zortzi abesti grabatzea izan zuten xede 2023ko martxoan, Andoaingo Garate estudioan. Areto betean, zuzenean aritu ziren musikari guztiak, eta han egindakoak bildu dituzte dokumental batean. "Han grabatutakoaren kronika batzen du ikus-entzunezko honek. Era dotorean grabatutako abestiak ez ezik, taldekideen beldurrak, mamuak, sorkuntza eta talde lanari buruzko hausnarketak...", azaldu dute taldekideek, musikak batzen dituen lagun talde baten "erretratu xume bat" ere badela azpimarratuta.
Interesa duen orok, Primeran plataforman ikus dezake Arnasaldiak lana, eta Youtuben ere bada aurrerapen bat: Egunero abestiaren grabaketa, esate baterako.
Taldearen ibilbidea
Iker Martinezek 30 urteko ibilbidea du egina musika sorkuntzan. Latzen taldean egin zituen lehen urratsak nerabezaroan, eta "ikasketa handia" izan zela dio. Ordutik, beste talde batzuetan aritu da, hala nola Potemkin, Amonal, Lenao edo Keia, eta dozenaka disko grabatu ditu, ehunka zuzeneko eskainita. 2017an, berriz, bakarkako ibilbideari ekin zion Itzalen mundua disko laburrarekin, eta 2019an iritsi zen Lurralde berriak, Zaldi Herrenak taldea izango zenaren lagunekin batera ondua. Bada, egun, Martinezekin batera taldekide dira Bull Biain, Jimmy Irizar, Joxeba Aranburu eta Iñigo Ugarte.