Kalejira egingo dute bandako kideek, lehenengo; 11:00etan, hain zuzen ere. Eta ondoren, kontzertuari ekingo diote.
Lau zarzuela aski ezagunak joko dituzte: El tambor de Granaderos (R. Chapí), Gigantes y cabezudos (M.Fernando Caballero), La canción del olvido (J.Serrano) eta Katiuska (P.Sorozabal). "Hain ezaguna den genero honetako melodia ezagunei, dantza klasikoa eta ahotsak ezkonduko zaizkie. Genero hau gustuko duten pertsonentzako aukera paregabea", adierazi du Aitor Biain zuzendariak.
Gaineratu du 55 minutuko kontzertu "dinamikoa eta alaia" izango dela, eta bukaera emango diotela horri Radetzki martxarekin, urte berria ospatzeko.
Abeslariak eta dantzariak lagun
Cristina Cubillo sopranoak eta Aitor Garitano tenoreak, La canción del olvido eta Katiuska-ren bi fantasiei jarriko diete ahotsa. Camden Town Studioko dantzariek, ostera, estilo desberdinak erabiliz, bi koreografia landu dituzte Gigantes y Cabezudos eta El Tambor de Granaderos zarzueletarako. "Horregatik guztiagatik kontzertu ahaztezina izango dela ez dugu dudarik", dio Biainek.