Maila handiko partidak eskaini zituzten izena eman zuten 33 taldeek Zubikoa kiroldegian jokatu zen areto futbol txapelketan. Oñatiko kuadrillez gain, bailarako gainontzeko herrietako talde pare batek ere parte-hartu zuten, eta urtero bezala txapelketaren zirrara maila handitu zuten.
Txapelketa mixtoko finalean Los galacticos de Montepinar taldeak lortu zuen garaipena Las Menda taldearen aurka (4-3) azken unerarte erabaki ez zen partida batean. Emakumezkoen txapelketako garaikurra A.L.G. taldeak eraman zuen Zeatik? Ok! taldea 1-0 garaitu ostean. Biek izan zituzten finala irabazteko aukerak, baina A.L.G.-k aurkariaren atean izan zuen eraginkortasuna erabakigarria izan zen. Azkenik, gizonezkoen txapelketako finalean Laranja Mekanikoa izan zen garaile Weingüter taldeari 6-3 irabazi ostean. Laranja Mekanikoak markagailuko aldea bizpahiru golekoa izatea lortu zuen ia partida osoan zehar, eta Weingüter-ek aldea txikitzea lortu bazuen ere, ez zuen markagailua iraultzea lortu.
Sari banaketaren amaieran, antolakuntzako kideek esker hitzak besterik ez zituzten izan txapelketan parte-hartu zuten taldeekiko eta Zubikoara gerturatu ziren ikusleekiko.