Musikak pisu handia du aurtengo Gabonetako egitarauan. Joan den asteburuan egin zuten herriko abesbatzek urteroko Hator Hator kontzertua, Gabonei ongietorria egiteko, eta urtarrilaren lehen asteburura bitartean egongo dira musika hitzordu gehiago ere herrian.
Txuleton's eta Iker Martinez
Adibidez, bi emanaldi handirekin girotuko ditu Gabonak Ganbara Faktoriak. Lehena gaur bertan izango da, hilak 22, 22:00etan, Zubikoa pilotalekuan. Bertan, Hots Abesbatzak, Gaueko andreak ikuskizuna eskainiko du. Emakumea, euskal tradizioa, baserria, mitologia, sorginak, aztikeria... ditu oinarritzat. Bigarrena abenduaren 29an izango da, 20:00etan, San Migel parrokian. Egun horretan, Ganbara Abesbatzak Rossiniren Petite Messe Solennelle eskainiko du. Lau bakarlari profesionalekin partekatuko du eszenatokia egun horretan; Aitor Garitano tenorea izango da horietako bat.
Bestalde, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen Arnasaldiak dokumental-kontzertuaren aurkezpena ere urtea amaitu aurretik izango da. Abenduaren 26an, hain zuzen ere, 19:30ean, zinema-aretoan. Eta Txuleton's taldeak aurten ere beteko du abenduaren 28an kontzertua egiteko ohitura. Gaztetxean izango da, 19:30ean, eta atera berri duen disko berria aurkeztuko du: Encuentros. Herriko tabernetan dagoeneko salgai dago bederatzi kantu dituen diskoa, eta sareko hainbat plataformatan ere entzun daiteke. Hiru kantu euskaraz dira eta sei gazteleraz, eurenak, denak rocka, popa eta new wavea jorratzen dutenak, "kutsu nostalgiko-existentzialista duten letrekin, alde batera utzi gabe betiko tonu umoretsua". Duela 27 urte hasi zuen ibilbidea Txuleton's taldeak eta oraindik hasierako kide berek osatzen dute; bigarren diskoa dute hau. Horiez gain, Gospel kontzertua ere egongo da aurten.
Musika bandak ere Gabon kantak eskainiko die herritarrei hilaren 24an, eta kalejira egingo du urteko azken egunean, iluntzean. Horrez gain, zarzuelako piezez osatutako kontzertua ere prestatu du. Urtarrilaren 6an izango da hori, Topagunea denboraldiko bigarren kontzertua, Zubikoa pilotalekuan.
Kirola eta bertsoak
Bestalde, Gabonetan ohikoak diren saskibaloi eta areto futbol txapelketak ere egingo dira aurten, kuadrillen artekoak biak. Areto futbolekoa 27an eta 28an eta saskibaloikoa 29an eta 30ean, biak Zubikoan. Eta noski, San Silvestre herri lasterketa ere egingo da urteari agur esateko. Hilaren 31n izango da hori, arratsaldean, eta gaztetxoendako lasterketa ere egongo da.
Umeendako jolas parkea urtarrileko lehen astean egongo da, Zubikoan, bi egunez, eta Goazen! ikuskizuna ere ekarriko dute. Horrez gain, Marteri buruzko hitzaldia, Arrikrutzeko lehoiari bisita, trenari buruzko bisita gidatua eta urteroko bertso saioa ere izango dira. Urtarrilaren 5ean izango da Gabonetako ohiko bertso saioa, eta etorriko diren bertsolariak dira: Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Tatiegi, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.
Olentzero eta Erregeak
Olentzero eta Mari Domingi, berriz, Santa Anako sarreran daude umeen gutunak jasotzen, eta abenduaren 24an kalera aterako dira herritarrei harrera egitera, musika eskolako eta Aitzondo kuadrillako kideekin batera. Errege Magoak, bestalde, San Migel parrokiara joango dira urtarrilaren 5eko eguerdian, parrokiako komunitateak gonbidatuta.