Jaso du Udalak Next Generation funtsetik lortutako 2,16 milioi euroko laguntza

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko abe. 21a, 12:12

Emakumion Etxia egongo den eraikina.

Oñatiko Udalak jaso du Europar Batasuneko Next Generation Funtsetik lorturiko 2,16 milioi euroko diru laguntza. Bederatzi proiektuetara bideratutako laguntza da eta Udalak bi urteko epea izango du proiektu horiek gauzatzeko.

Oñatiko Udalak zenbait proiektu aurkeztu zituen PSTD Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planetarako 2023ko ezohiko deialdian. Bi ziren egitasmoek eta laguntza lerroak erdigunean zituzten xedeak: turismoa eraldatzeko eta berritzeko prozesuak ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen iraunkortasuna barnebiltzea; eta klima aldaketarekiko, osasun krisiekiko edota turismo eskari handiegiekiko erresilienteak diren turismo ekosistemak sortzea. Horiengatik, 2,16 milioi euro lortu zituen Udalak Next Generation funtsetik, eta jaso du diru hori.  "Identitate propioa duen herria da Oñati, eta, halakoxea izaten jarrai dezan, halabeharrezkoa da turismo iraunkor baten alde egitea. Horretan dihardu Oñatiko Udalak. Bide horretan, sekulako bultzada dakar jaso berri den laguntzak", azaldu du Izaro Elorza Arregik Oñatiko alkateak, prentsa oharrean.

Hain zuzen ere, onartuak izan ziren proiektuak izan ziren: Emakumeen Etxearen eraberritzea –600.000 euro–; Usakorako bide segurtasuna berma dadin Torreauzoko zubitik bidegorria egitea eta bertako ingurune naturala hobetzea –769.000 euro–; herrigunean disuasio aparkalekuak egitea –200.000 euro–; Arantzazuko eta Araozko aparkalekuen kudeaketa automatizatua –126.000 euro–; herriko plazan dagoen azoka zein haren inguruak hobetzea –300.000 euro–; komunikazio digitala –90.000 euro–; Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren kontrola eta kudeaketa –45.000 euro–; eta turismo bitartekoen eskaintza eta garapena –30.000 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak