2022an ez egitea erabaki ostean, gaur berriz ere itzuli da Oñatiko Foruen plazara Elkar Hezi ikastetxearen ekimenez egiten duten Elkartasun Azoka. "Iaz hausnartzeko tarte bat hartu eta gero aurten berriz ere egitea erabaki dugu. Eguraldi ona egin du gainera, beraz, primeran!", azaldu du ikastetxeko irakasle Amaia Aranzetak.
Elkartasun arloan lan egiten duten Oñatiko eta inguruko herrietako hamar elkartek jarri dituzte postuak plazan askotariko produktuak saltzeko. "Gurea elkarte nahiko berria da, eta guretzat lehen aldia da Elkartasun Azokan gaudela. Egiten duguna erakusteko aukera ona da", azaldu du Erei elkarteko Miren Zubeldia Plazaolak. Beste erakunde batzuek, baina, eskarmentu handiagoa dute Elkartasun Azokan; esaterako, Hotz Oñatikoek. "oso ondo iruditzen zaigun ekimena da, eta Gabonen aurretik elkartasuna piztu egiten dela dirudienez, ondo dator, bai erakusleiho moduan eta baita jendea kontzientziatzeko ere", adierazi du elkarteko kide Maialen Altunak.
Erakundeetako postuez gain, Elkar Hezi ikastetxeko ikasleek egindako gozoak zein bigarren eskuko liburuak eskaini dituzten mahaiak ere egon dira. Eta etxeko txikienek ez dute aspertzeko aitzakiarik izan, tailerrak egiteko aukra izan dutelako, baita, Gurutze Gorrikoen eskutik, jolasean aritzekoa ere.