Ilusioa berreskuratzeko denboraldia izaten ari da

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko abe. 15a, 12:00

Aloña Mendiko emakumezkoen senior taldea. Argazkia: Iñaki Zabarte

Iaz jaitsi ostean, gipuzkoako txapelketan ari da eskubaloiko emakumezkoen talde gorena. orain arte egindakoarekin sailkapenaren goialdean dira, eta ilusioz daude igoera lortzeko lehian izateko. bihar, beste aukera bat dute goian jarraitzeko

Azken urteak ez dira errazak izan Aloña Mendiren eskubaloi saileko emakumezkoen senior taldearentzat. Denboraldi batzuk aritu zen, kostata, Euskal Ligan mantentzen, iaz jaitsiera baieztatu zen arte. Aldaketa ugari izan ditu taldeak azken urteetan, baina badirudi aurten ilusioa berpiztu dela. Urte luzez Euskadiko txapelketan aritzetik Gipuzkoako txapelketa jokatzera igaro dira aurten, eta, askotan esaten den bezala, pauso bat atzera egitea ona izaten da, ondoren bi aurrera egiteko. Momentuz, denboraldi txukuna egiten ari da Iñaki Zabartek, Gorka Ugartek eta Alaitz Atxak zuzentzen duten taldea. Bigarrenak dira euren multzoan, eta bihar (16:00) Legazpiko taldeari irabazten saiatuko dira, etxean, goialdean jarraitzeko. Zabarte entrenatzailea gustura dago orain arte egindakoarekin: "Abuztuan hasi ginenetik talde honek, batez ere, fisikoki, mentalki eta kolektiboki izan duen hobekuntza ikaragarria da. Edozeini irabazteko gai direla sinesten dute, eta hori oso garrantzitsua da, azken urteak nolakoak izan diren ikusita".

Halaber, prestatzaile oñatiarrak aitortzen du kategoriaz jaistean "beti" igartzen dela maila jaisten dela; batez ere, fisikoki eta erritmo aldetik. Hori ikusita, argi dauka, beste taldeekiko "errespetu guztiarekin", Aloña Mendi "Euskal Ligako taldea" dela.

Gakoa, konpromisoa

Emaitzek laguntzen dutenean dena errazago ikusten da, baina denboraldi ona egiteko beste faktore asko izan behar dira kontuan; esaterako, konpromisoa. Hain zuzen, oñatiarren prestatzaileak hori azpimarratu du orain arteko bolada onaren zergatia azaltzeko. Gainera, egoera ez da erraza, talde gaztea delako Aloña Mendiko neskena eta ikasketak eta bestelakoak medio ez delako erraza izaten guztiek batera entrenatu ahal izatea. "Adin zailean iristen dira seniorretara. Batzuek kanpoan ikasten dute eta argi dago euren etorkizuna ez dela eskubaloia. Horregatik, erakusten ari diren konpromiso eta inplikazio maila itzelak dira, eta, era berean, iaz erakutsi ezin izan zutena astebururo erakusteko gogoz kantxaratzen dira" dio Zabartek.

Konpromisoari emaitza onak batuz gero, errazagoa izaten da bidea, eta horrek ere eragin zuzena izan du orain arte egin duten ibilbidean. "Jokalariak ikusten ari dira astean egindako lanak zerbaitetarako balio duela, eta horrek hurrengo neurketara edo entrenamendura begira hobetzeko gogoa ematen die", adierazi du Aloña Mendiko entrenatzaileak.

Helburua, igoera borrokatzea

Jaitsiera baten ostean galdutako tokira itzultzea izaten da helburu nagusia, eta Aloña Mendiko nesken kasuan ere halaxe gertatzen ari da. Denboraldia hasi aurretik igoera borrokatzeko lehian egoteko helburua jarri zuten, baina oinak lurrean dituztela. "Helburu nagusia igoera lehiatzea da, baina ez bada lortzen ez da ezer gertatzen, ez da porrot bat bezala hartu behar", dio Zabartek.

Gainera, argi dauka "taldea" osatzea dela garrantzitsuena etorkizunera begira: "Talde sendoa osatuz gero, igoera lortzeko aukera gehiago daude, eta horrek izan behar du helburua". Ilusioz ekin zioten erronka berri horri Zabartek eta bere lantaldeak, eta ilusio hori taldeari helaraztea ere begiz jota dute. "Gazte hauek ilusioa berreskuratzea merezi dute, baita aurretik eskubaloian aritu direnek ere, talde hau Euskal Ligakoa delako eta Euskal Ligan egon behar duelako", adierazi du Iñaki Zabartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak