Kale Zaharra eta Otadui Zuhaiztia arteko irisgarritasun plana landu du Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko abe. 14a, 12:30

Otadui zuhaiztiko oinezkoendako pasealekua.

Kale Zaharra, Otadui zuhaiztia, Unibertsitatea etorbidea eta Lizaur zein Aita Madina kaleak barnebiltzen dituen irisgarritasun plana landu du Oñatiko Udalak. Besteak beste, Otadui Zuhaiztiko oinezkoen pasealekua "osorik berritzea" jasotzen du. Epe motzeko, ertaineko eta luzeko faseak ditu proiektu osoak.

Aipaturiko kale horietan oinezkoen segurtasuna hobetzeko, oztopoak kentzeko edota garraioen zirkulazio egokirako irisgarritasun plana landu du Oñatiko Udalak. Hain zuzen ere, ibilgailuen zirkulaziorako bide sarearen eta ingurune urbanizatuaren ezaugarrien araberako eremu bereziak, oinezkoen bideak, urbanizazioaren zein hiri altzarien elementuak, mugikortasun mugatua duten pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuak eta hiri barruko eta hiriarteko garraio publikoen geralekuak izan ditu aztergai plana egiterako orduan.  "Orain, badago herri eremu horri loturiko plan bat, osteko urratsak definitzen dituena. Fase desberdinak ditu, epe motzekoak, ertainekoak eta luzekoak. Horiei esker, soluzio bat eman nahi zaie Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztiaren artean irisgarritasunari loturik dauden arazoei", azaldu du prentsa oharrean Hirigintza batzordeburuak, Iñigo Ruizek. Orain, lehen faseko exekuzio proiektua lantzea letorke, 2024an egingo litzatekeena.

Oinezkoen bidean, esku-hartzeak

Irisgarritasun lanen artean egingo dute, adibidez, espaloiak neurrietara egokitu. Zoladura bereizgarriko lerroak ere jarriko lirateke oinezko pasabide nagusietan, bat-bateko fatxada lerrokadura aldaketetan orientazioa errazteko. Eta, bestetik, zoladura aldatzea proposatu dute gune zehatz batzuetan. Horrek, etxe sarbideetan ere izango luke eragina, oinezkoentzako oztoporik gabeko ibilbidea egiteko eta orientazioa errazteko. Aldiz, altuera maila aldaketa nabarmenak dituzten guneetan barandak edo alboko babesleak jarriko lituzkete. Eta aurrekoez gain, ibilgailuendako aldaketak proposatzen ditu irisgarritasun planak,
aparkalekuei eta zirkulazio-noranzkoari loturikoak.

Otadui Zuhaiztia

Zehatzago, irisgarritasun plan horrek esku-hartze garrantzitsua proposatzen du Otadui zuhaiztirako. Oro har, oinezkoen pasealekua osorik berritzea eskatuko luke proposamenak. "Bankuak lituzkeen lorategi bat jarriko litzateke oinezko bidearen ertz batean, ibilgailuen pasabideak egokituko lirateke oinezkoen babeserako, zoladura bereizgarriko lerroak erabiliko lirateke orientazioa errazteko, mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkalekuak ugarituko lirateke, autobus geltokia egokituko litzateke... Esku hartze integral bat litzateke", argitu du Hirigintza batzordeburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak