Sailkapeneko erdialdetik beherako postuetan dauden taldeen arteko lehian, garrantzitsuak ziren atzo Zubikoan jokoan zeuden puntuak. Hala, norgehiagoka estua jokatu zuten Aloña Mendik eta Corazonistasek. Lehenengo zatia parekatua izan zen eta atsedenera 12-12 berdinduta iritsi ziren.
Aloña Mendiko mutilek defentsan lan ona egin zuten; hain zuzen ere, lan horrek emaitzak eman zituen. Bigarren zatian, defentsan egindako lan onari esker kontraerasoan irten eta markagailuan abantaila hartzeko aukera izan zuten etxekoek. Behin abantaila hori alde izan zutenean, jokoari ondo eutsi eta abantaila mantendu zuten. Hala, 29-27 nagusitu ziren oñatiarrak gasteiztarren aurka.
Ikusleak
Zubikoako harmailak bete egin ziren, beste behin, etxeko taldea animatzeko. "Plazera izaten da etxean jokatzea. Harmailak bete egiten dira eta babes handia izaten dugu", azaldu zuen partidu amaieran Mikel Kortabarria jokalariak. Aurrera begira, lehia zailak izango dituzte azaldu zuen: "Goian dauden taldeen aurka jokatu beharko dugu. Partidu itxiak izaten dira eta borrokatu egin beharko dugu punturen bat lortzeko". Borrokatuz gero beti atera ahal direla puntuak gaineratu zuen.