Euskararen Egunaren baitako ospakizunetara etorri ohi da Tartean Teatro antzerki taldea Oñatira, eta aurten ere badator. Bake Lehorra antzezlana da egubakoitzean antzeztuko duena. Patxo Telleriaren dramaturgia eta zuzendaritzarekin, Aitor Borobia eta Aitor Fernandino aktoreekin sortutako lana da, gerran oinarritutakoa. Sarrerak salgai daude udal webgunean eta Txokolateixan, zortzi eurotan.
Aurrekoetan moduan, aurten ere ikasleendako egingo dute saio bat: 12:0etako emanaldia herriko ikasleendako izango da eta 19:00etakoa herritar guztiendako; biak dira Santa Anan. Gainera, Karoi antzerki jaialdiko ikusle klubean ere landuko dute antzezlan hau.
Lehiaketa eta kantu saioa
Bestalde, Appa Hi! lehiaketa ere egingo dute egubakoitzean, 12:00etan, gaztelekuan. Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa, Egunean Behin modukoa, eta herritarrekin jolastea da asmoa. Iluntzean, berriz, euskal kantuak abestuko dituzte kontzejupean. Ikastetxeetako Guraso Elkarteek txokolatea banatuko dute doan eta ikasleek bizkotxoak salduko dituzte euro baten.
Gaur, dena dela, Gaitu proiekturako ahots grabazio saioa dago antolatuta Euskaldun Berria gelan, hori ere Euskareran Egunaren barruan. 16:00etatik 19:00etara izango da eta bost esaldi grabatuko ditu, euskaraz, herritar bakoitzak eta datu basera bidali, adimen artifizialak ere euskaraz ulertu eta egin dezan. Komeni da aurrez txanda hartzea. Hemen sartuta egin daiteke.