Herriko mugimendu feministak bat egin du zaintza ardatz hartuta eguenerako deituta dagoen greba orokorrarekin eta herritarrek ere bat egiteko deia egin gura du. Goizetik ilunkararainoko egitaraua prestatu du eguenerako eta aurreratu du zapiak banatuko dituztela egun hauetan eta eguenean bertan grebarik egingo ez dutenen artean, atxikimendua adierazteko.
Hauxe da egitaraua:
- 05:00etan, piketeak lantokietan
- 10:00etan, gosaria plazan eta inguruaren apainketa (zaintzarekin lotutako elementuekin apainduko dute: baldeak, orgak, muletak... Gaur, martitzena batuko dituzte elementu horiek gaztetxean eta eguenean eraman daitezke plazara. Mugimendu feministako kideak arduratuko dira gero garbigunera eramateaz, ez dira itzuliko).
- 11:00etan, elkartasun kalejira plazatik hasita. Ez ohiko ibilbidea egingo du, herriko hainbat gunetan geldialdiak eginez, osasun zentroan, San Martin egoitzan eta Olakuako urmaelean, esaterako. Geldiune bakoitzean ekintzak egongo dira.
- 14:00etan, plazan (eguraldia txarra bada gaztelekuan). Pake Leku, Arrano eta Eltzia tabernetan daude salgai txartelak. Prezioa: borondatearen araberakoa, 5 euro, 10 euro edo 0 euro.
- 18:30ean, manifestazioa, plazatik abiatuta. Ohiko ibilbidea izango du
Zaintza gunea eta zapiak
Ekitaldietan parte hartu gura dutenendako zaintza gunea egongo da gaztelekuan 10:30etik 20:00ak arte. Bestalde, greba egin ezin baina atxikimendua adierazteko, zapiak banatuko dituzte.
Gaiaz hitz egiteko eta eguenerako antolatuta dauden ekintzen inguruan berba egiteko, gaur, martitzena, egingo dute azaroaren 30eko greba orokorrari buruzko azken informazio bilera irekia. Antixena gaztetxean izango da, 18:30ean.