Duela lau urte, 2019an, jarri zuen martxan Mila Modu taldea Xabier Yaniz oñatiarrak, Andoni Campos, Oscar Arlazon eta Rober Ferreiro alboan zituela. Absurdoaren Paradisua (2020) eta Intra (2022) dira orain arte aurkeztu dituzten lanak, eta hirugarrena kaleratu dute oraingoan: Kenopsia. "Normalean, jendez beteta egoten den baina une jakin batean hutsik dagoen leku batean kokatzen garenean, emozio berezia izaten dugu. Emozio hori adierazten du kenopsia hitzak". Haien arabera, edozein geltokitan egon daiteke kokatuta kenopsia, "non bizitzak, istorio pertsonalak, nahiak, aldarrikapenak eta amets anonimoak elkartzen diren".
Lanean jasotakoak
1990eko hamarkadako rock-pop doinuak dituzte oinarri lanean, baina aurreko lanekin alderatuz gero, Miren Fernandezen sintetizadore eta teklatua baliatu dute hirugarren lanean. "Abesti koloretsuagoak, freskoagoak eta potenteagoak lortu".