Parrokiako abesbatzak eman du meza nagusiaren ostean lehen sorpresa. Eskerrik asko, Jauna abestia moldatu du eta Inaxio Ibarrondori (Oñati, 1942) abestu diote, orain artean eginiko lana eskertzeko eta, aldi berean, aitortzeko: Eskerrik asko, Inaxio. Horazio Argarate apaizak hartu du, ondoren, hitza, eta Ibarrondoren emaztea den Arantzazu Zurutuza ere omendu nahi izan du, lore sorta bat ematearekin batera, parrokiaren izenean. Hala ere, ez da ezusteko bakarra izan, abesbatzako beste bi kidek oroigarri bana eman baitiote Ibarrondori: Nieves Agirrek, emakumeen abesbatzaren izenean; Eduardo Korskotegik, berriz, gizonezkoenean.
Hunkigarria izan da ekitaldia, eta hala egon da Ibarrondo ere; hunkituta. Hainbat izan dira esker mezua ematera gerturatu zaizkion herritarrak ere.
Orain arteko ibilbidea
Parrokiaren bueltan lanean ari direnek eta abesbatzako kideek antolatu dute gaurko omenaldia, Ibarrondok musu truk egindako lana nabarmentzeko, 55 urteko ibilbidea baitu egina parrokiako abesbatzan. Hala ere, txikitatik du musikarako grina. 6 urte zituela sartu zen bandan, klarinetea jo izan du beti, eta 1979an zuzendu zuen lehenengoz, Corpus bezpera batean. Duela bi urte eman zion bandako erreleboa Aitor Biaini, baina parrokiako abesbatzari dagokionez, ez du uzteko asmorik.