Oñatiarrek 62 eta 70 galdu zuten bizkaitarren kontra, lehia indartsu hasi arren. Lehenengo laurdena bukatu zenean aurretik ziren etxekoak (22-11), baina partiduaren erdira iristean aurrea hartu zieten Askartzakoek (32-36). Joera hori mantendu zuten bukaerara arte: 43-55 hirugarren laurdenaren ostean eta 62 eta 70 bukaeran.
Aitor Barreiro entrenatzaileak azaldu du ondo hasi zirela, batez ere defentsan, baina aurkariek intentsitatea igo zutela berehala: "Pena izan zen. Hamar puntu inguruko aldearekin ibili ginen partidan zehar, baina indartsuago egon ziren, fisikoago".
Sailkapenean azkenengo postuan daude Aloñakoak, eta datorren astean liderrari egin beharko diote aurre; Easo Gipuzkoari, alegia.