Mugimendu feministak azaroaren 30erako deituta duen greba orokorra lantzen hasita daude Oñatin eta egun horri lotutako ekintzak eta argazkiak gehitzen ari dira eguna gerturatu ahala. Asteburu honetan, esaterako, grebaren inguruko informazioa jasotzen duten esku orriak banatuko dituzte etxez etxe, eta datorren astean zaintzan eta etxeko lanetan diharduten langileen eskubideen aldeko hitzaldia egongo da Eltzian, Udalak antolatuta.
Hitzaldi zikloa
Hiru hitzaldiz osatutako hitzaldi zikloa antolatu du Udaleko Berdintasun Sailak greba egunaren atarian. Zaintzak ekonomian duen pisuaz jardun zuen astelehenean Emagin elkarteko Miren Arangurenek; XXI. mendeko zahartze ereduei buruz ziren aritzekoak atzo iluntzean Matia Fundazioko Nerea Etxaniz eta Nerea Almazan, eta datorren astekoan etxeko langileen eskubideez jardungo dute: Zaintza: zein preziotan? Zaintzaileen eta etxeko langileen eskubideak. Liz Quintana –Trabajadoras no do- mesticadas– izango da hizlaria eta gazteleraz arituko da. Eguaztenean da hitzaldia, Eltziako hirugarren pisuan, 18:00etan. Herritar denak animatu gura ditu Udalak; hitzaldira joateko zaintza zerbitzua edo besteren bat behar izanez gero, Berdintasun Sailarekin jar daiteke herritarra harremanetan: berdintasuna@onati.eus.
Bilera irekiak astero
Oñatiko sare feminista ere ekainetik ari da hilaren azken egunerako deituta dagoen greba lantzen: "Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko eta ezin dira ez ikusezin mantendu, ez eta merkantilizatu ere". Horren inguruko informazioa partekatu zuten herriko eragileekin uda ostean, eta 30 lagunek baino gehiagok hartu dute parte urrian egindako informazio bileretan. Egun, martitzenero egiten dituzte bilera irekiak, 18:30ean, gaztetxean. Han elkartzen dira, astero, hainbat gizonezko ere; astelehenetan, 19:00etan.
Asteburu honetan etxez etxe banatuko dituzte esku orriak grebaren gaineko informazioa herritar guztien artean zabaldu guran. Auzolanean egingo dute bihar, zapatua, eta gura duena batu daiteke; 11:00etan elkartuko dira gaztetxean. Herriko dendariekin eta komertzioetako langileekin ere egongo dira grebara begira sortutako lantaldeko ordezkariak, eta ahalik eta enpresa gehienetan ere zuzenean eman gura dute informazioa.