Ramada Inn formatua eta estiloa aldatuta dator

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 17a, 13:00

Mikel Marco, Juan Valls eta Ander Etxaniz. Argazkia: Ramada Inn

Juan Vallsek, Ander Etxanizek eta Mikel Marcok osatzen duen Ramada inn taldeak 'Real tree' izeneko bigarren lana kaleratu berri du, eta, zapatuan (19:00), gaztetxean kontzertua eskainiko dute, burrunda Faktoriak antolatuta, arima taldearekin batera

Ramada Inn taldeak Real tree izeneko lan berria kaleratu du duela gutxi, eta zapatu honetan entzungai egongo da Antixena Gaztetxean emango duten kontzertuan. Burrunda Faktoriak antolatuta, Arima taldearekin batera arituko dira, 19:00etan hasita. Orain arte laukotea izan dena hirukotea da orain; Juan Vallsek, Ander Etxanizek eta Mikel Marcok osatzen dute, hain zuzen; ez da, ordea, Ramada Inn-ek kaleratu duen bigarren lanaren berezitasun bakarra. "Taldekide aldetik aldaketa dago, egia da, baina, era berean, denbora generaman estilo ezberdinak probatzen lokalean eta estilo aldetik ere ezberdina da lan berria", dio Juan Vallsek.

Bigarren lana "azkarragoa" dela esan du, eta, lehenengo diskoarekin alderatuz, oraingoan doinu "amerikarrez" gain, "punk-rock" doinuak ere badituela. Horretaz gain, lan berria, diskoan atera beharrean, biniloan kale-ratzea erabaki dute; astean bertan iritsi zaizkie etxera, eta salgai egongo dira biharko Gaztetxeko kontzertuan, 15 euroren truke. Biniloko sei kantuez gain, ohiko errepertorioarekin osatuko dute biharko emanaldia.

Zuzenean grabatutako lana

Uztailean Berako Atala estudioan Iñigo Irazokiren eskutik grabatu zuten lana da Real tree, eta "modu analogikoan" grabatu zutela azpimarratu du Vallsek, hau da, zuzenean hirurek batera grabatutako diskoa dela azpimarratu du. "Hirurok batera grabatzean, akatsen bat eginez gero, berriz errepikatu beharra dago kantu guztia. Egia da gauzak moldatu daitezkeela, baina analogikoan grabatzeak naturaltasuna ematen dio lanari; zuzenekoaren antzeko sentsazioa ematen die kantuei", adierazi du Vallsek.

Gogotsu, zapaturako

Zapatuko kontzertuari begira, azken hilabeteetan hainbat kontzertu eskaini dituzte "erritmoa" hartzeko; tartean, Donostiako Jazzaldian eskainitakoa, uztailean, diskoa grabatzen ari ziren bitartean. Juan Vallsek aitortu du "ilusioa" egin ziela horrelako jaialdi batean jotzeak, eurak "jarraitzaileak" zirelako.

Jazzaldiko oholtzatik Antixena Gaztetxera igarotzea aldaketa handia da, baina Burrunda Faktoriak antolatutako kontzertu sortaren barruan joko dutela jakitun, gogotsu dira biharko. "Ekimen polita da martxan jarri berri dutena. Uste dut, modu honetara, musikari, kontzertuei eta musika taldeei duintasun puntu bat ematen dietela", adierazi du Vallsek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak