Denboraldiko lehena Fagor Professional Aloña Mendirentzat (36-35)

Julen Murua Mesonero 2023ko aza. 12a, 10:18

Gora-behera askoko partida izan da, baina oñatiarrek bigarren zatian erakutsi duten adorea erabakigarria izan da denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu ahal izateko.

Denboraldiko lehenengo garaipena etxean iritsi da Fagor Professional Aloña Mendirentzat. Partida gogorra jokatu dute oñatiarrek Bilboko Escolapios taldearen aurka, eta azken minutuetan izandako eraginkortasunari esker lortu dute Ander Arrizabalagaren mutilek sailkapeneko azken postutik irtetea.

Lehenengo zatiaren hasiera lehiatua izan da, eta bilbotarrak markagailuan aurretik izan badira ere, txantxikuarrak gertu mantendu dira momentu oro. Hori baina, aldatu egin da lehenengo zatiaren amaieran; Escolapios taldekoak defentsan ondo eta erasoan eraginkor aritu dira, eta aldageletara zazpi goleko abantailarekin joan dira bizkaitarrak (14-21).

Bazirudien aurreko jardunaldietako ildo bera jarraitu behar zuela norgehiagokak, baina Arrizabalagaren mutilek, aldaketa taktiko batzuk medio, lortu dute markagailua iraultzea. Markagailuko aldea handia zen, baina etxekoek alde hori iraultzean sinetsi dute, eta hala egin dute. Aldea txikitzen joan dira, eta hiru goleko tartea gainditzea kosta egin zaien arren, azkenengo minutuan lortu dute behin betiko 36-35ekoa, sei jardunaldiren ostean, lehenengo garaipena eskuratzeko.

Epaileak txilibitua jo ostean pozarren ospatu dute txantxikuarrek lehenengo garaipena. Arrizabalagak adierazi du "pisu handia" kendu dutela gainetik eta "garaipen honek konfiantza handia" ematen diela. Gaineratu du jokalariek "haien buruengan sinetsi eta guztia eman" dutela bigarren zatian, eta hori bera izan dela "markagailua iraultzeko kontu erabakigarriena".

Datorren jardunaldian kategoriako oilarretako baten kantxa bisitatuko du Fagor Professional Aloña Mendik; Pulporen kantxa. Entrenatzaile oñatiarrak adierazi du "oso partida zaila" izango dela, baina "guztia ematera" joango direla liderraren etxera.

Bergarak irabazi; Arrasateren partida bertan behera

Gipuzkoako txapelketari dagokionean, Soraluce BKEk garaipena eskuratu du etxean Aritzbatalderen aurka (35-22). Mugarri Ingou Arrasate eta Eibarren arteko neurketa, berriz, bertan behera geratu da Iturripeko kantxaren egoera dela-eta. Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeak gaur eguerdiko 13:15etan jokatuko du Borda Ardoak talde zarauztarraren aurka, Zarautzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak