Arestiren olerkiak, gaur egungo begiradatik

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 10a, 14:30

Andoni Salamero, Aitor Furundarena eta Andoni Egaña dira emanaldian parte hartuko dutenak. Argazkia: Goiena

Gabriel Arestiren poemen berrinterpretazioa egingo dute Andoni Salamerok, Andoni Egañak eta Aitor Furundarenak. Bakoitzak bere diziplinatik eta bakoitzak dituen gaitasunetatik jardungo dute. Emanaldia, etzi, 19:00etan, Santa Ana antzokian.

Musikegunak egitasmoaren barruan, Gabriel Arestiren poemen berrinterpretazioa egingo dute. Hain zuzen, Arestian, egun...! emanaldia eskainiko dute Andoni Salamero olerkariak, Andoni Egaña bertsolariak eta Aitor Furundarena musikariak domekan 19:00etan hasita, Santa Ana antzokian. Salameroren hitzetan, proiektu "berritzailea" eta "eraldatzailea" da domekan egingo dutena: "Guk ez dugu nahi soilik Arestiren poemak irakurri. Bizi izan zituen garai zail horiek olerkien bidez adierazteaz gain, musika eta bertsoen bidez, hura hunkiarazi zuten gaiak –euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen bereizketa eta euskararen batasuna– egun bizi dugun egoerarekin konparatu nahi ditugu".

Olerkia, bertsoa eta musika

Andoni Salamero olerkariarekin batera batu dira proiektura Andoni Egaña bertsolaria eta Aitor Furundarena musikaria. Bakoitzak menperatzen duen diziplinatik Aresti nor zen "erakutsi" nahi dutela azpimarratu du Salamerok: "Argi dago poesiak eta hitzek indarra hartzen dutela eta ardatza behar dutela izan, baina bertsolaritzak ere zentzu profetiko bat hartzen du, eta adi-adi jarraitzen diogu bertsolariak dioenari. Musikaren kasuan, Aitor bezalako musikari batek aukera ematen dizu garai horietako doinuen errekreazioa egiteko, eta, era berean, musikak goxatzeko eta hitzaz gain adierazteko gaitasuna du".

Hori guztia osatzeko emanaldia lau zatitan banatzen dute: 1936, 1955, 1975, eta 2025 eta etorkizuna. Kasu bakoitzean, sortzaile bakoitzak, bere "gaitasunei jarraituz", Arestiren "berrinterpretazioa" egingo duela gaineratu du Salamerok, eta Oskorrik eta beste sortzaile batzuek musikatutako abestiak baliatuko dituzte ekitaldia girotzeko.

Estreinaldia, Oñatin

'Arestian, egun...!' emanaldiaren estreinaldia izango da Santa Ana antzokikoa. Salamerok dioenez, "labetik atera berria" den emankizuna eskainiko dute domekan, eta ilusio "berezia" egiten diela ere azpimarratu du: "Mimo handiz eta atseginez landu dugun lana da aurkeztera goazena. Pozik gaude Musikegunak egitasmoan aurkezteko aukera izango dugulako; izan ere, bide emango du jendeak lehen aldiz ikusteko, eta antzokian bertan gozatu ahal izateko". Ikustera joan nahi duenak sei euro ordaindu beharko ditu, eta sarrerak Udalaren web orrialdean eta Txokolateixan daude eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak