Bueltan da Oñatiko mendi hamabostaldia

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 10a, 08:22

Aazken bizpahiru urtetan ez da egin, baina bueltan da mendi hamabostaldia Aloña Mendiko Mendi Sailaren eskutik. Jordi Pons Sanjines, Silvia Trigueros eta Mendi Film jaialdiko ordezkariak dira gonbidatuak; Oñatin egindako ikus-entzunezko bat ere emango dute

Pozik daude Aloña Mendiko Mendi Saileko kideak aurten hain kuttuna zuten ekitaldia berriz antolatu ahal izan dutelako: mendi hamabostaldia. "Bizpahiru urtetan ezin izan dugu egin, baina aurten laguntza berezia izan dugu; gehiago izan gara, eta posible izan da. Oso pozik gaude, bai. Herritarren aldetik ere erantzun ona izan du beti mendi hamabostaldiak, eta aurten ere saiatu gara egitarau txukun bat antolatzen", dio Mendi Saileko Mikel Oterok.

Gonbidatu ezagunak

Jordi Pons Sanjines alpinista kataluniar historikoa eta Silvia Trigueros dira azaroan Oñatira etorriko diren bi gonbidatu –Pons martitzenean egon zen eta Trigueros eguaztenean dator–. Film emanaldiak ere egongo dira. Mendi Film jaialdikoak batzuk, baina baita bertakoak ere. Esaterako, Aloña Mendiko espeleologia taldeak egindako Zuloan zu? ikus-entzunezkoa. Arantzazuko leize batean izandako azken esplorazioak eta ustekabeak kontatzen dituzte lan horretan.

Julen Axperen argazkiak

Ohiko osagai denak ditu aurtengo mendi hamabostaldiko egitarauak. Argazki lehiaketa da falta dena. Horren ordez, baina, argazki erakusketa antolatu dute, eta ezagunak diren bi gairen bueltako argazkiak dira ikusgai egongo direnak: natura batetik, eta gizakia eta natura, bestetik. Julen Axpe aramaioarraren argazki erakusketa izango da, hain zuzen ere; 40 argazki egongo dira. "Ez naiz argazkilari profesionala eta oso pozik nago nire afizio hau hain baloratua dela ikusita. Oñatira eramango ditudan argazkietan mendiak agertuko dira, noski, hangoak eta hemengoak. Badira inguruko mendietakoak, Pirinioetakoak, Alpeetakoak, Islandiara edo Norvegiara egindako bidaietan ateratakoak...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak