"Berritasunez" josita dator 45. Musikegunak

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 3a, 10:00

'Flamenco Etxea 2', urtarrilean Amaia antzokian eskaini zuten ekitaldian.

45. Musikegunak egitasmoa antolatu du Oñatiko udalak. Hiru asteburutan zehar, artista eta ikuskizun desberdinak eskainiko dira; tartean, Gorka Hermosa soinujolearen eta Jose Luis Montonen Flamenco Etxea 2 emanaldia.

45 urte daramatza Oñatiko Udalak Musikegunak egitasmoa antolatzen. Urtez urte aldatzen joan den arren, musika eskaintza mota edo ildo bati erantzuten jarraitzeak "egonkor egin du egitasmoa", azaldu du Iñaki Olaldek, Oñatiko kultur zinegotziak: "musika klasikoaren eskaintza zabaltzeko egin bazen ere, gaur egun, ohikoak ez diren musika estiloei tokia eskaintzen zaie, betiere musika klasikoaren presentzia mantenduz".

Urtero eskaintza aldatzen den bezala, artistak ere aldatzen dira, baina herritarrengandik jasotzen duten "fideltasuna" mantentzen da: "urtero Musikegunen zain egoten diren entzuleak daude, eta, gainera, kontzertuetara hurbiltzen diren herritar berriek errepikatzeko ohitura izaten dute".

Iñaki Olaldek azaldu duenez, 45. Musikegunak "berritasunez" josita dator: oso "ezberdinak" diren emanaldiak eskainiko dira; igande honetan, Flamenco etxea 2 emanaldia izango da; hilaren 12an, Andoni Egaña eta Andoni Salamero izango dira, eta Furundarena, musikari moduan; eta 19an, ia 60 lagunez osaturiko orkestra, Aequus Ensemble.

Barne borroka

Euskal musika eta flamenkoa uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Gorka Hermosa soinujoleak eta Jose Luis Monton gitarra joleak. 16 urte dihardute batera oholtzan, eta Oñatiko Santa Ana antzokian izango dira domekan. Gorka Hermosak azaldu duenez, gurasoak Extremadurakoak izanda, Euskal Herrira nola etorri ziren azaltzen saiatzen da; "barne borroka bat azalerarazten saiatzen naiz musikarekin, ni euskalduna naiz, eta bestetik nire familia hegoaldetik dator".

Soinujolearen hitzetan, 16 urte pasa arren, "opari" bat da Jose Luis Montonen mailako gitarra jole batekin oholtza gainera igotzea, eta "plazer hutsa" emanaldia Oñatin eskaintzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak