Mobilizazioa, bihar, Palestinari elkartasuna erakusteko

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 30a, 09:31

Bihar, urriak 31, manifestazioa egingo da Oñatiko herriko plazatik abiatuta, 19:00etan. Palestina askatu, genozidioa gelditu! leloarekin egingo da hori. Deialdia Oñatiko hainbat oñatiarren eta eragileren babesarekin egingo da. Norbanako edo talde gisa deialdiarekin bat egiteko aukera duzu honako loturan.

Hiru eskakizun nagusi egingo dira manifestazioarekin. Lehena, Estatu Palestinarra aitortzeko eskaera. "Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari behin betiko konponbidea emateko asmoz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) proposatutako Estatu bien konponbidearen logikan oinarrituta. Proposamen horrek nazioarteko komunitatearen gehiengoaren babesa du, baita aktore palestinar gehienena ere (PAN, Hamas,...)", azaldu dute deitzaileek.

Bigarrena, Israelen okupazioarekin amaitzea.  "Lurralde Palestinarren okupazioarekin amaitzea eskatzen dugu. NBEren Segurtasun Kontseiluaren 242. Ebazpenak jasotzen duen moduan. Lurralde horietan Israelek daraman kolonizazio prozesuarekin amaitzea ere eskatzen dugu".

Eta hirugarrena eta azkena, erasoekin amaitzea: "Eraso guztiekin eta baita Gazaren aurkako blokeo ororekin ere amaitzea eskatzen dugu".

Manifestazioari babesa

Atxikimendua erakutsi dute herriko hainbat eragilek: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak; EH Bildu; Sortu; STH mugimendu ekologista; Sare Feminista; Bargastak; Ernai; Antixena gazte asanblada; Pentsionisten Duintasuna elkartea; Gure Bazterrak elkartea; Hotz Oñati; Sare; Askapena; IKAMA; eta Txinparta bertso eskola. Horrez gain, deialdiarekin bat egin dute hainbat auzotako jai batzordeek, herriko musika taldeek eta beteranoen futbol taldeak. Are gehiago, baita ehundik gorako herritarrek ere; tartean dira, besteak beste, Mikel Biain alkate ohia, Malen Osa eta Asier Alonso mendi lasterkariak, Felipe Uriarte mendizalea eta Markel Irizar txirrindulari ohia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak