Parekatuta hasi dute norgehiagoka jokalariek, eta oñatiarrak Bergarako atera iritsi diren arren ez dute aukera garbirik izan gola sartzeko. Aloña pixkat nagusitu den arren, gogor eutsi dio Bergarak lehen zatiari eta hutsean berdinduta iritsi dira atsedenaldira.
Bergarako bigarren entrenatzaileak, Ibon Leibarrek adierazi duenez, "itxaropentsu" joan dira atsedenaldira, baina ez berehala zapuztu zaizkie planak. Izan ere, bigarren zatia hasi bezain laster iritsi da lehenengo gola, 47.minutuan Joseba Larreak egindako erdiraketa jaso du Oier Guerreirok eta atezainaren aurrean bakar-bakarrik gelditzea lortu du, baloia atezainaren hanka artetik bideratuta partidako lehenengo gola sartzea lortu du.
Hala, desorekatua hasi da bigarren zatia; Gotzon Urzelairen taldeak baloiaren kontrola eskuratu eta aurre hartu dio Bergarari, bost minutu beranduago iritsi da bigarren gola, Auritz Larrearen eskutik. Kontraeraso azkar batean, area barrura sartzea lortu du Auritzek eta errebote bat aprobetxatuz, baloia bultzatu besterik ez du egin behar izan Oñatiren bigarren gola sartzeko.
Markagailuan 2-1ekoa aurkitu nahian, bergararrek lerroak aurreratu dituzte gola lortzeko. Bergararrek intentsitate handiz jokatu duten arren, ez dituzte erasoak amaitzeko aukera askorik izan eta hori aprobetxatuz, oñatiarrak kontraerasoak antolatzen hasi dira. Area batean nahiz bestean aukera garbiak egon badira ere, ez da 93. minutura arte hirugarren gola iritsi. Joseba Larreak Ander Biainek egindako erdiraketa aprobetxatu, eta jaurtiketa indartsu baten bidez, txantxikuarrek hirugarren gola lortu dute.
Emaitzak argi erakusten ez duen arren, partida gogorra jokatu dute Aloña eta Bergarako jokalariek; baina azkenean, oñatiarrentzat izan dira jardunaldiko hiru puntuak; sailkapenean bigarren postua eskuratzeko aukera ematen dutenak.