Asier Egaña: "Pandemia aurreko ideia dira argazki hauek"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urr. 27a, 15:46

Asier Egaña argazkilaria parrokiako klaustroan.

Oñatzeko dantzariei ateratako 33 argazki jarriko ditu ikusgai domekan parrokiako klaustroan zabalduko duten erakusketan. Dantzako hamaika pauso erretratatu ditu.

Digitalizazioarekin batera sartu zen argazkigintzan Ilunpetan taldeko Asier Egaña Herran (Oñati, 1980) eta ez du albora utzi oraindik. Oñatzeko dantzariei egin zien argazkien erakusketa zabalduko dute domekan, parrokiako klaustroan.

Parrokiako klaustroan egongo dira ikusgai argazkiak. Ezohiko tokian.

Bai, kultura etxeko erakusketa gela ohikoagoa da egia esan, baina iruditzen zitzaigun hara propio joan behar dela eta denon pasadizoan dagoen toki batean erakutsi argazkiak. Eta parrokiako klaustroa egokia izan daitekeela iruditu zitzaigun.

Asteburuetan egongo da zabalik.

Hori da. Domekan zabalduko dugu eta abenduaren 3ra arte, zapatu eta domeka goizetan ikusi ahal izango dira argazkiak, 11:00etatik 14:00etara. Argi naturala behar da erakusketa ganoraz ikusteko; ordu aldaketarekin arratsaldeak ilunagoak izango dira aurrerantzean, eta horregatik egongo da bakarrik goizez.

Meza entzutera eta erakusketa ikustera doazenek topo egingo dute.

Batzuetan bai, horrela da. Eliza aldera dauden klaustroko bi beira handiak, baina, estali egin ditugu espazio biak bereiziz.

Zenbat argazki daude ikusgai?

Guztira, 33 argazki daude, hirunaka banatuta.

Azken finean, dantzako hamaika pauso ezberdin ikus daitezke argazki horietan.

Nolakoak dira? Zer ikusten da?

Tamaina bera dute argazki denek, 50x75 zentimetro, eta, oro har, bertikalak dira. Dantzari bakarra ageri da argazki gehienetan, dantzan, baina bikoteak ere ageri dira. Hain zuzen ere, bikoteko argazki horiek dira horizontalean jarrita daudenetako batzuk. Guztira, hamahiru pertsona ageri dira dantzako hamaika pauso desberdin egiten.

Zergatik daude hirunaka banatuta?

Dantzako pausoa hiru egoera ezberdinetan erakusten dutelako. Normalean dantzari arropak jantzita ikusten ditugu Oñatzekoak, baina entseguko momentuak ere erakutsi gura nituen nik. Dantzari jantzita, denak txukun doaz, goitik beherako arropekin, ondo orraztuta... Baina gura nituen dantzariak entseguetan erakutsi: praka motzetan, ilea batu barik, bizarrarekin... Horrela ageri dira lehen argazkian. Bigarrenean ikusten da dantzaria pauso bera egiten baina dantzako arropak jantzita. Hor ere, ahalik eta arropa edo elementu desberdin gehien erakutsi gura izan ditut. Eta hirugarrenean, dantzako arropekin eta mugimenduan, pauso hori ematen duten uneko mugimendua erakusteko.

Non atera dituzue argazkiak?

Buruan nuena zen estudioan ateratzea argazkiak, denak hondo beltz baten aurrean. Eta horrela egin dugu.

"ENTSEGUKO UNETAN, ARROPAK JANTZITA ETA MUGIMENDUAN ATERA DITUT DANTZARIAK"

Nolakoa izan da lana?

Pandemia aurretik dator ideia. Konfinamenduak atzeratu zuen gero proiektua, eta poliki-poliki gauzatu da harrezkero. Argazkiak egin, ordenagailuan ikusi gustukoak diren edo ez, aukeraketa egin... Duela hiru bat urte hasi genuen, eta urte eta erdi edo bada argazkiak eginda eta aukeratuta nituela, eta erakustea pentsatu dugu orain.

Eta elkarlana?

Oso ona. Oñatzeko dantzariak oso ondo portatu dira nirekin. Sekulako pazientzia izan dute; ni gustura gelditu arte atera dizkiet argazkiak. Saio pare bat errepikatzea ere tokatu zitzaigun... Esker hitzak baino ez ditut eurendako. Eta baita Ilunpetan taldeko argazkilariendako ere; asko lagundu didate eurek ere proiektu honetan.

Txistularien musika entzuten zen argazki saioetan?

Musikarik ez, baina batzuetan ez dira bakarrik etorri eta elkarri isilik kantatu diote pieza, pausora heltzeko eta egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak