Aisialdiko sarrerak salerosteko aplikazioa garatu du Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 25a, 07:46

Rebel Tickets plataforma.

Aisialdiarekin zerikusia duten ekitaldietako sarrerak birsaltzeko plataforma bat garatu dute Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko ikasle batzuek. Rebel Tickets izena jarri diote eta laster izango da abian mugikorrerako aplikazioa ere.

Gradu-amaierako lanaren baitan garatu dute plataforma hori Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten diharduten hainbat ikaslek. Orain, mugikorrerako aplikazioa ari direla gertatzen adierazi dute unibertsitatetik.

Gaueko aisialdiko sarrerak –diskoteketakoak, bereziki– Instagrameko istorioen bidez saltzen zirela ikusita piztu zitzaien ideia, eta Rebel Tickets plataforma etorri da hortik. Bilboko, Bartzelonako eta Madrilgo gaueko aisialdiko sarrerak erosi eta saldu ahal izango dira horren bitartez.

Erosoa eta erraz eskuratzekoa

Adierazi dute aplikazio erosoa eta erraz eskuratzekoa diseinatu dutela; interesa dutenek, gainera, jakinarazpenak jasoko dituzte. Segurtasuna ere bermatuta dagoela gaineratu dute: "Eragiketa guztiak segurtasunez burutuko dira, iruzurrak saihestuta. Hala, esperientzia gardena, fidagarria eta segurua bermatuko zaie". Sarreren eroslea eta saltzailea harremanetan jarri ahal izango dira txat bidez, zalantzak argitu beharra egonez gero.

Aplikazioa laster egongo dela deskargatzeko moduan aurreratu dute. Bien bitartean, zerbitzua plataformaren bidez eskaintzen jarraituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak