Oñatiko EAJren lehentasuna oñatiarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea dela dio Amaia Erostarbek, udaleko jeltzaleen bozeramaileak, eta ordenantza fiskaletan egin gura dituzten aldaketen arrazoiak eman ditu prentsa ohar bidez: "Eraginkortasunean, errealismoan eta erantzukizunean oinarritutako gure proposamenak islatzen du funtsezkoa dela Oñatiko bizi-kalitateari eustea eta, aldi berean, udal-finantzak iraunkorrak izatea bermatzen duen oreka mantentzea. Alokairuaren eskaintza sustatu nahi dugu, gure tokiko saltokiei laguntza eman, etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eman eta herritarren egunerokotasuna hobetu".
Honela, proposamen hauek egin ditu EAJk:
- Ohikoak ez diren etxebizitzetarako OHZn % 100eko errekargua kentzea, errekargu horrek jatorrizko asmoa bete ez duela iritzita eta egun "neurri zigortzaile hutsa" dela ulertuta.
- Ohikoak ez diren etxebizitzentzat eta alokatuta daudenentzat, OHZn % 50eko hobaria jartzea. Oñatiko udalerriko etxebizitzen alorairu-kontratu pribatuetan ere, Biziguneren/Alokabideren bidez alokatutako etxebizitzek duten hobari berbera aplikatzea proposatzen dute (% 50).
- 22 eta 25 urte bitarteko kiroldegiari lotutako zerga eta tasetarako adin-muga 22tik 25era handitzea.
- tokiko merkataritzako negozio berriak eraikitzeko edo birgaitzeko hobaria % 90era igotzea, eta hobari hori abian diren negozioei aplikatzea. Baita lehendik dauden negozioei ere aplikatzea ere.
- Kaleko txandakako aparkalekuetan aparkatzeko denbora 2 ordura luzatzea.