Baloia jokoan jartzea, besterik ez da falta

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 20a, 11:00

Albok eta Saquatch taldeko jokalariak, baloiaren lehian, iazko finalean. Argazkia: Oihana Elorza.

Duela bi aste Superkopako finala jokatu zen arren, Herriko Futbol txapelketaren denboraldi berria, ofizialki, asteburu honetan hasiko da. Ikasturte berrirako hiru talde berri batu dira txapelketara; horregatik, hiru partida jokatuko dira jardunaldiko

Etxeko armairuan dituzten futboleko zapatilei hautsa kentzeko unea iritsi zaie Herriko Futbol Txapelketan parte hartuko dutenei. Bihar bertan emango zaio hasiera denboraldi berriari, eguerdiko 13:30ean, Tutelatraku eta Sasquatchen arteko neurketarekin. Guztira hamahiru taldek eman dute izena, eta, iaz bezala, bi multzotan banatuko dira; hortik aterako dira Txanpionsa eta Kopa jokatuko dituzten taldeak.

Hain zuzen, parte hartuko duten taldeen kopurua albiste pozgarria da, azken urteetako altuena izango duelako aurten txapelketak. Hiru talde berrik eman dute izena; Hangover, Ke- lekona eta Morekanbe dira horiek, eta antolakuntzatik pozarren hartu dute albistea. "Urte askoan gainbeheran egon da taldeen kopurua; horregatik, itxaropentsu gaude denboraldi berriari begira. Urteetan txapelketaren biziraupena izan da helburua, eta uste dugu hori gainditu dugula, beraz, orain, behar horiek alde batera utzita, indarrak beste kontu batzuetan jartzeko aukera emango digu", dio Jon Aiastui antolakuntzako kideak.

Maila, geroz eta handiagoa

Talde berriak egoteak Herriko Futbol Txapelketaren maila ere igotzea eragingo du, eta antolakuntzako kideek uste dute irabazle izateko lehia ere estuagoa izango dela. "Honek txapelketaren erakargarritasuna igotzen du. Zaila da jakitea denboraldia nola joango den, baina ziur nago orain arteko taldeek maila bera erakutsiko dutela. Aurten, ordea, zailagoa izango da txapelketa irabaztea, talde berriak sartu direlako", dio Aiastuik.

Berrikuntza txiki batzuk

Hamahiru talde izanda, aurten, astebururo hiru neurketa jokatuko dira lehen bi faseetan. Aiastuiren arabera, "aspaldi ez da gertatu" hori, baina berdin-berdin "moldatuko dira". Horretaz gain, nahiz eta oraindik urrun egon, finalei begira ere zerbait berezia prestatzeko asmotan dabiltza antolakuntzako kideak. "Finalisten eguna bakarrik izan gabe, parte hartu duten guztien ospakizun eguna izatea gustatuko litzaiguke", esan du Jon Aiastuik.

Etorkizunera begira ere jarrita daude HFTko kideak, eta, azken urteetan talde dezente sortu direla ikusita, mezua ere helarazi nahi izan dute. "Orain arte jokatu ez dutenei aurrerantzean animatzeko esaten diegu, eta, bestela, ikusleen artean ere lekua izango dutela beti", dio Aiastuik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak