Aloña Mendik eraman du Azkoagainen jokatutako derbia (4-1)

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 15a, 19:35

Gotzon Urzelaik zuzentzen duen taldeak nagusitasun osoz eraman du UDA 'B' taldearen aurka jokatutako derbia. Gaurko garaipenarekin oñatiarrak goiko postuetan jarraitzen dute

Gipuzkoako Gorengoen Mailan Aloña Mendi eta UDA 'B' taldeek neurtu dituzte indarrak arratsaldean Azkoagainen. Etxekoak goiko postuetan mantentzeko beharrezkoak zituzten hiru punturen bila zelairatu dira eta aretxabaletarrak, berriz, behealdetik ihes egiteko garaipenaren bila.

Etxean jokatuta, Aloña Mendik kategoriako talde indartsuenetakoa dela erakutsi du beste behin. Neurketa hasi eta gutxira, hamaikagarren minutuan sartu dute Urzelairenek lehen gola, Joseba Larrea izan da golegilea. Lehen zatiaren hondarrean aldageletako bidea hartu aurretik egin du Aloñak bigarrena Oier Guerreiroen bitartez.

Lanak bideratuta utzi dituzte oñatiarrek, eta, hori gutxi balitz, atsedenalditik bueltan berehala egin dute hiru eta hustekoa, Auritz Larreari esker. UDAkoak saiatu dira partiduan sartzen eta gola egitea lortu dute 55. minutuan. Ez die askorako balio izan gol horrek, neurketan amaitzeko ordu laurdena falta zenean, Ander Bikuñak amaierako lau eta batekoa ezarri duelako markagailuan.

Gaurko hiru puntuekin Aloña Mendik goiko postuetan jarraitzen du, hamar ditu une honetan. UDA, kontrara, hamairugarrena da sailkapenean, soilik, hiru punturekin.

Mondrak lidertzan jarraitzen du

Gorengoen mailako gainontzeko taldeek ere jokatu dituzte euren neurketak eta Mondrak sendo jarraitzen du lidertzan Billabonari 1 eta o irabazi ostean. Era berean, azpimarratzekoa da Garikoitz Nuñezek zuzentzen duen taldeak orain arte jokatu diren bost jardunaldiak irabazi dituela, eta, gainera, aurkariak ez dira gai izan zur-moreei golik sartzeko.

Bergarak eta Antzuolak etxetik kanpo jokatu dute, baina ez bata ez bestea ez dira garaipena eskuratzeko gai izan. Mahoneroek berdindu egin dute Segura Goierriren zelaian (2-2). Antzuolarrak, aldiz, jipoia jaso dute Zestoan 6 eta 0 galduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak