Azken jokaldian galdu du Fagor Professional Aloña Mendik (24-25)

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 15a, 11:06

Partidaren hasieratik amaierara lehia estua izan dute Urduliz taldearen aurka, baina azken jokaldian kanpotarrek sartutako gol batek ahozapore garratza utzi diete oñatiarrei

Etxean estreinakoz aritu da Fagor Professional Aloña Mendi denboraldi honetan eta gogor borrokatu arren esku hutsik gelditu da Ander Arrizabalagak zuzentzen duen taldea, 24 eta 25 galdu dute Urdulizen aurka.

Partida hasieratik lehiatua eta estua izan da, gol gutxiko aldearekin bi taldeen artean. Aloña Mendiko entrenatzaileak berak aitortu du "gorabehera" askoko neurketa izan dela, baina porrot gogorra jaso arren, taldea "lehiakor" agertu dela ere gaineratu du. Atsedenaldira gol bateko aldearekin besterik ez dira iritsi (13-14) eta markagailuak ederki erakusten du kantxan gertatzen ari zena.

Bigarren zatiaren hasieran Urdulizekoek bi goleko errenta lortu dute lehen minutuetan, baina Aloña Mendikoek partida gogortzearekin batera markagailuari buelta emateko gai izan dira. Neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan, etxekoena zen bi goleko errenta (23-21) eta bi puntuak Zubikoan geldituko zirela zirudienean, berriz ere aurkariaren susperraldia etorri da. Neurketa guztiko gorabeherak jasan behar izan dituzte Aloña Mendikoek, eta, Urdulizek partida berdintzea lortzeaz gain, azken jokaldian sartutako golarekin bi puntuak eramatea ere lortu du.

Partida amaieran tristura eta haserrea izan dira nagusi oñatiarrengan eta sentsazio bera zuen Arrizabalaga entrenatzaileak, nahiz eta neurketa lehiatzea lortu duten."Taldea gaztea dugu baina maila ematen ari gara. Puntu bat eskuratu dugu bakarrik, baina pozik nago egin dugun lanarekin, azken finean, aurreko jardunaldian berdindu egin genuen eta aste honetan gol bakar bategatik galdu dugu, hortxe egon dira neurketak" adierazi du Arrizabalagak.

Datorren jardunaldian kategorian urte asko daramatzan Urdanetaren kantxan jokatuko dute. Oñatiarren entrenatzaileak "partida zaila" izango dela azpimarratu du.

Bergarak berdindu eta Arrasatek galdu

Kategoria bat beherago jokatzen duten Soraluce BKEk eta Mugarri Ingou Arrasatek ere jokatu dituzte euren neurketak, baina ez bata ez bestea ez dira garaipena eskuratzeko gai izan. Bergararrek berdindu egin dute (30-30) Leizaranen kantxan, eta, arrasatearrek berriz galdu egin dute, hauek ere etxetik kanpo, Urnietaren aurka (27-26).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak