Jaiez disfrutatzen jarraitzeko osagaiak dituzte datozen egunek

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 29a, 12:53

Txantxikuaren jaitsiera atzo, eguena, 20:00etan.

Eguraldi ona dago iragarrita astelehena bitartean; egitarauan ez da aldaketarik egon, eta mantendu egingo dira iragarritako ekitaldi guztiak. Herritarrak, bestalde, prest daude jaiez azken momentura arte gozatzeko.

Herriko jai nagusietan murgilduta dago, bete-betean, Oñati. Joan den asteburuan izan ziren atariko ekintzak, eta astelehenera bitartean egingo dira gainerako guztiak. Azkenera arte gozatzeko prest sumatzen dira, gainera, herritarrak.

Errespetuz eta elkar zainduz

Eguraldi ona dago iragarrita, gainera, jaiak ospatuko diren hurrengo egunetarako, eta egitarauak adin eta gustu ezberdinak asetzeko moduko ekintzak jasotzen ditu; ez dago aldaketarik. Horrela, herritarrak aurreko asteburuan beste gozatzea da Udalaren nahia. "Lan askoko asteburua izan zen aurrekoa, baina ondo joan zen dena. Umeendako eta gaztetxoendako ekitaldiak ere primeran egin ahal izan ziren. Udaltzaingoarekin kontrastatuta, ez zen inongo arazorik izan, eta egun hauek ere horrelakoak izatea gurako genuke. Gozatzeko egunak dira eta ea errespetuz eta elkar zainduz ospatzen ditugun", adierazi du Kultura batzordeburu Iñaki Olaldek.

Txantxikuaren jaitsierak eman zien, atzo, hasiera ofiziala aurtengo San Migel eta Errosario jaiei, eta astelehenera bitartean badago zer egina eta ikusia. Gaur, egubakoitza, esaterako, puzgarriez gozatzeko aukera izango dute umeek, eta gauean, berriz, plaza guztiak zalez betetzen ari den taldea dator: En Tol Sarmiento. 23:00etan izango da kontzertua, plazan.

Txartel gehiago bazkarirako

Kalean gozatzeko egunak izaten dira jaiak, eta Herri Eguna eta Errosarixo Bixamon eguna izaten dira, bereziki, jendetsuenak. Goizetik gauera arte ibiltzen dira oñatiar asko egun horietan kalean, eta aurten ere horrela izango dela dirudi. Astelehenerako, mozorrotuta kalera irteteko plana dute askok egina, adibidez. Herri Egunean kiroldegian egiten den herri bazkarirako txartelak, berriz, normalean baino gehiago saldu dituzte; joan den urtean baino 100 bat txartel gehiago aurten. Egun horretan, Arantzazuko edo harako bidean dauden ostatuetan bazkaldu ohi izan dute herritar askok, eta, hori kontutan hartuta, autobus zerbitzua egongo da zapatuan Oñati eta Arantzazu artean. 12:30ean irtengo da lehen autobusa Oñatitik, eta orduro egongo da zerbitzua, 18:30ak arte. Bueltarako, 13:00etan abiatuko da lehena Arantzazutik; 19:00etan, azkena.

"Diputazioak jarritako oztopoak" gainditu, eta ohiko azoka egongo da betiko tokian zapatuan, Nekazarien Elkarteko ordezkariek baieztatu duten moduan. Artisauak eta sagardogileak ere etorriko dira, eta taloa jan ahal izango da herriko tabernan. Arratsaldean, berriz, herri kirolen gune bihurtuko da plaza.

Banda eta Sorotan Bele

Hain zuzen ere plazan egingo du kontzertua musika bandak domeka gauean. Ordua ezohikoa da, 23:00ak, baina baita formatua ere: egun horretan, Sorotan Bele taldekoekin batera egingo du kontzertua. Gauez eta erromeria estilora egingo dute emanaldia. Oñatiko Bandak lagun izango ditu Sorotan Beleko lau kide: Gorka Sarriegi, Urbil Artola, Ritxi Salaberria eta Aitor Etxaniz. Errepertorioari dagokionez, batez ere, Sorotan Beleren lehenengo diskoko abestiak joko dituzte: Marinelaren zain, Arratsalde honetan, Sing Sing-atiko folk&rolla eta gehiago. Bestelako musika estiloak ere entzungo dira, baina, domekan bertan. 19:00etan, esaterako, Fito & Fitipaldis taldeari tributu egingo dion laukote batek joko du Atzeko kalen, eta ordu berean, txosnagunean, Tapia eta Leturia Band taldeak. Astelehenean, berriz, Dibertsioak txosnagunean, 19:00etan, eta Puro Relajo, 20:00etan, plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak