Xanti Ugarte: "Margolan batek beti transmitituko du zerbait"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 29a, 10:00

Xanti Ugarte Aire Libreko Margo txapelketako irabazlea. Argazkia: Xanti Ugarte

Oñatiko Aire Libreko Margo lehiaketa irabazi du eta "oso pozik" dago egindakoarekin eta lortutako emaitzarekin. Bere lana, lehiaketako beste guztiekin batera, Kultur Etxeko aretoan egongo da ikusgai urriaren 8ra arte

Txikitatik izan du gustuko marraztea, eta lehiaketa honek aspaldian utzita zituen pintzelei hautsa kentzeko balio izan dio. Berarekin izan gara marrazketari buruz hitz egiteko.

Margo lehiaketa irabazita, ze sentsazio? Lehenengo aldiz hartu duzu parte?

Oso pozik! Ez nuen inondik inora espero lehenengo saria irabaztea. Lehenago ere parte hartu izan dut, baita Oñatiko saria irabazi ere, baina inoiz ez naiz lehen hiru sailkatuen artean egon.

Zergatik aukeratu zenuen toki hori margolana egiteko?

Ondoan bizi naiz, eta gure leiho batek erreka aldera ematen du. Egunero ikusten dudan paisaia da, eta, eremu industriala izanda ere, bere xarma du. Gainera, herriko elementu ikoniko bat da, ondo identifikatzen duguna.

Lehenengo saria eraman zuen lana. Argazkia: Imanol Soriano

Nondik dator margotzeko afizioa?

Txikitatik gustatu izan zait, eta gehiago edo gutxiago aritu, betidanik ibili naizela esan daiteke.

Margolaritza klaseak jaso izan dituzu?

Gaztetan, Udalak antolatutako pintura tailerretara apuntatu nintzen pare bat aldiz. Gero, unibertsitate ikasketak EHUko Arte Ederren fakultatean egin nituen. Bertan, Sorkuntza eta Diseinu Gradua ikasi nuen, eta gerora diseinu grafikoan eta multimedia sorkuntzan espezializatu nintzen arren, pintura irakasleekin asko ikasi nuen.

Margolanetan zer transmititzea gustatzen zaizu?

Margolan batek beti transmitituko du zerbait. Nire kasuan, margolanaren helburua zehaztu eta gero, transmititu behar dena ahalik eta modu egokienean egiten saiatzen naiz. Batzuetan, sentimenduak, barne ideiak... moduko gauza potoloak dira, baina beste batzuetan, zerbaiten kolorea, testura, forma... atentzioa eman dizuten elementuak transmititzen saiatzen zara.

Beste txapelketaren batean parte hartu izan duzu?

Aire libreko pintura lehiaketetan, Oñatikoan parte hartu dut bakarrik. Ilustrazio lehiaketetan ere aritu naiz, baina gehienbat kartel lehiaketetan. Azken horiek diseinu grafikoari lotuta daude, baina eskuz egindako ilustrazioak sartzea gustatzen zait.

Nola definitzen zara margolari moduan?

Multidisziplinar moduan, esango nuke. Teknika eta formatu ezberdinekin lan egitea dut gustuko, eta bakoitzaren sekretuak ezagutzea. Baten ikasten dena, besteetan aplika dezakezu ondoren.

Aurrerantzean beste lehiaketaren batean parte hartu edo erakusketarik egiteko asmorik baduzu?

Denbora neraman pintura formatuan ezer egin gabe, eta pintzelari hautsa kentzeko balio izan dit. Eroso aritu nintzen, eta horrek beste herri batzuetako lehiaketetan aritzeko gogoa piztu dit. Era berean, denbora falta izanda ere, astean pare bat ordu pinturari eskaintzen saiatuko naizela ere konturatu naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak