Jaietako azken eguna izan arren herritarrak gogotsu eta indartsu iristen dira Errosarixo Bixamon egunera. Kuadrillan mozorroa gertatu eta jaiaz gozatzera irteten dira kalera. Badaude kuadrilla batzuk mozorro originalak prestatzen dituztenak; urtean zehar gertatu den ekitaldi esanguratsu edo anekdotaren baten inguruan mozorrotzen direnak, umorea lagun. Bada, herritar guztien ahotan izaten dira kuadrilla horiek. Beste kuadrilla batzuk, aldiz, azken momentuan etxeko ganbaran dutena hartu edo azken orduko erosketa eginda irteten dira kalera. Bai batzuek eta baita besteek ere helburu bera izaten dute: ondo pasatzea.
15:00etan bazkaria txosnagunean eta ondoren jolasak. Sokamuturra Aurtengo jaietan astelehenean bakarrik egongo da sokamuturra: Arno ganadutegiko zezenak 10:00etatik 12:00etara, eta 17:30etik 19:30era izango dira, plazan eta kaleetan.
Dibertsioak txosnagunean
Zazpi taldek eman dute izena Errosarixo Bixamon egunean txosnagunean egiten den Dibertsioak kontzertuetarako. "Lagun artean sortutako taldeak dira; aitzakia ona da normalean jotzen ez duzun jendearekin aritzeko; edo, jeneralean jotzen ez duzun instrumentua hartzeko", azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Jon Etxarrik. Azken finean, ondo pasatzea da ekimenaren helburua. Aurtengo ekitaldian punk-rock musika izango da nagusi; gainera, talde klasikoen doinuak ere entzungo dira. 19:00etan hasiko da ekitaldia: lehenengo, hiru taldek joko dute eta, afalostean, beste lauren txanda izango da. Helburu nagusia da musikaz gozatzea eta txosnagunean giro paregabea jartzea. Kontzertuak 02:30ak arte luzatuko dira, gutxi gorabehera.